LP, Annie and The Caldwells, Bea Asurmendi eta White Carters: Jazzaldian galduko ez ditugun kontzertuak
Aurtengo Jazzaldian galduko ez ditugun kontzertuen zerrenda egin dugu Gaztean.
2025eko egunik tristeenean kaleratu zuen Bakan I, Bakan EP sortaren lehen alea. Disko urdina, astelehen urdinez. Bederatzi hilabetera, udazken kolorez jantzita, Bakan II disko horia ekarri digu Gorka Urbizuk Tabakalerako aurkezpenera.
Ainhoa Vitoriak eta Julen Idigorasek egin diote harrera, “Diamantea” eta “Zilarra” kantak entzun aurretik. Musika kaleratzen duen bakoitzean gertatu ohi zaion bezala, “hauskor eta emozionatuta” etorri da Urbizu Gaztearekin egindako hitzordura.
The Beatlesekin “bereziki obsesionatuta” ez dagoen arren, Abbey Roaden (britainiar banda historikoaren estudio kutuna) grabatzea amets bat betetzea izan dela aitortu du nafar musikariak. Artea egiteko orduan, prozesua emaitzaren gainetik dagoela aipatu du Gorkak, behin baino gehiagotan. Bideko bistez gozatzeko egindako paseo horretan, Abbey Roadek erabat txunditu zuela aitortu du: “Museo moduko bat da, areto nagusiak 60ko hamarkadan bezala jarraitzen du, Paul McCartneyren pianoa bertan dago eta erabili egin genuen”.
“Sartzerakoan, atea ireki eta Stendhal moduko bat (Stendhal sindromea, edertasunak sortzen duen erreakzio fisiko eta emozioanala) sentitu nuen, badakit amorru pixka bat ematen duela, baina halako zerbait izan zen. Asko kostatu da bertaraino iristea, eta hunkigarria izan zen momentua”, erantsi du.
Londreseko esperientziarekin jarraituta, Jordi Matas musikariaren figura nabarmendu du Urbizuk: “Sekulako maisua da baxuarekin, eta komodin bat da beti, oso ideia onak izaten ditu. Estudioan itxi genituen kantak, bertan sortu ziren hainbat konponketa gehituta”.
Bakarkako ibilbideari ekin zionetik, lilurarekin tematuta bizi da Gorka Urbizu. Gauza txikien edertasuna eta samurtasuna goratzeko “barrikadan” sentitzen da artista. Eginbide horretan, “bulkadei kasu egiten” saiatu da Bakan II diskoan.
Lehen harribitxia, “Diamantea” izeneko “dantza tristea”, entsegu batean sortu eta unean bertan mugikorrean grabatu zuen. Bigarrena, “Zilarra”, Zaragozan jo behar zuen kontzertu baten soinu proban.
Letrez ere galdetu diote Vitoria eta Idigorasek. Artea azaltzea magia galtzea den ustea du musikariak, baina pozik dago egindako lanarekin. “Saiatzen naiz gero eta aratzago eta garbiago idazten. Ari naiz Eider Rodriguezen azken liburua (Dena zulo bera zen) irakurtzen eta iruditzen zait barbaridade bat gauzak esateko eta ez esateko duen zehaztasuna, nik letragintzan hori lortu nahiko nuke”, adierazi du musikariak.
Hala ere, idazketa prozesuaren “bihurrikeria” azpimarratuta, disko honekin bere kantugintzan koxka bat gora egin duela uste du Urbizuk: “Oso konektatuta nago egiten ari naizenarekin eta egiteko moduarekin”.
Arriguri bizkaitarrek egin dizkiote bi kanten bideoklipak. Harribitxien, edertasunaren eta gauza txikien loriaren hariari tiraka sortu dituzte bi piezak. Bertan, sublimea den horren bila, naturaren handitasunean galduta ageri da Gorka.
Spotifyren jabeak Israelekin dituen loturen ondorioz, hainbat euskal musikarik euren musika plataformatik kentzeko erabakia hartu dute. Gaiaz duen iritziaz galdetuta, eztabaida interesgarria sortu dela uste du artistak.
“Berehalako iritziak eskatzen zaizkigu, eta nik erabakiak ez ditut sekula horrela hartu”, esan du. Kantak Spotifytik kentzea erabaki duten artisten hautua txalotzekoa iruditzen zaion arren, euskal musika plataforma handietatik kentzeak zalantzak eragiten dizkiola azaldu du: “Non da eraginkorragoa Tapia eta Leturiaren “Wafa” kanta, Spotifyn edo hortik kanpo?”.
Izan ere, euskal musika “zokoratuta” dagoen honetan, euskal abestiak plataformetatik kentzea “gehiago zokoratzea” ez ote den galdetzen dio bere buruari.
Elkarrizketa bukatzeko, sare sozialez eta stream plataformez aritu dira Vitoria, Urbizu eta Idigoras. Musikaz haratago doazen lan guztiak nekezak zaizkio musikariari. Askotan, kantak sortzea den prozesu sorginaren etsai gisa ere ikusi izan dituela aitortu du: “Nik kantak egiten ditut, ez dut edukia sortzen. Baina, sare sozialen gurpilean sartzen zarenean, kanturik ez duzunean edukia sortu behar duzu”. Hala, lanabes gisa erabiltzen dituela azaldu duen arren, antsietate puntu bat sortzen diotela azpimarratu du.
Honen harira, Taylor Swift eta Rosalíaren azken diskoen komunikazio kanpaina izan dute hizpide. Urbizuk onartu du ez dela “batere swiftiea” eta Rosalíak diskoa aurkezteko performanceak “sekulako nagia” eragin diola. Hala ere, azken honen diskoa entzuteko irrikaz dagoela aitortu du.
Aurtengo Jazzaldian galduko ez ditugun kontzertuen zerrenda egin dugu Gaztean.
Musika festibalaren bigarren edizioa abenduaren 11n eta 12an egingo dute, Intxaurrondo Kultur Elkartean.
Garuneko hoditeria konpontzeko ebakuntza bat egingo diotela azaldu du donostiar musikariak.
Gipuzkoar hiriburuko Cristina Enea parkean egiten den jaialdiak hamar urte beteko ditu aurten.
Sanferminetan, “putos maricones” oihukatu ostean, bi gizonek kristalezko botilak jaurti zizkietela azaldu dute sare sozial bitartez.
“Mailua pausatzeko garaia” iritsi aurretik, bi kontzertu emango dituzte, ASKE eta 40 Minutu Rock jaialdietan.
Ohi bezala, Errenterian zehar banatutako guneetan banatuko dituzte ekitaldiak, irailaren 17tik 20ra.
Dokumentua sinatu duten artisten artean, Fermin Muguruza, Hofe, Anari, Denso, Eire, Ezpalak, Esanezin, Merina Gris, La Txama, SÜNE eta TOC musikariak daude.
Abuztuaren 4tik 9ra, 30 taldetik gora ikusteko aukera izango da Gasteizeko Txosnetan, Andrea Maria Zuriaren jaietan.
Nat Simons, Aurora Beltrán, Orquesta Mondragon eta Malmö 040k ere Saguesen joko dute, abuztuaren 8tik 15era.