Taylor Swift eta Madonna, VMA sarietan garaile, nostagiak bustitako sari banaketan

Orain arte Beyoncek zuen errekorra hautsi du Swiftek: MTVren sari gehien eskuratu dituen artista da. Sabrina Carpenter, Lisa, Sienna Spiro eta Bad Bunnyk ere saritu dituzte.
LOS ANGELES (USA), 27/09/2026.- US singer Taylor Swift arrives at the 2026 MTV Video Music Awards at the Peacock Theater in Los Angeles, California, USA, 27 September 2026. EFE/EPA/JILL CONNELLY

MTVren musika bideoen sariak (VMA) banatu dituzte bart Los Angelesen. Taylor Swift eta Maddona izan dira gaueko protagonista nagusiak, hiruna sarirekin. Swiftek sari potoloena eraman du: urteko bideokliparena, “The Fate of Ophelia” kantaren bideoklipagatik. Honez gain, Pensilvaniako artistak zuzendaritza onenaren (“Opalite”) eta artista zuzendari onenaren garaikurrak eraman ditu.

Urteko bideoklip onena jasotzean, Swiftek Dolly Partoni eskaini dio garaipena: “Sari hau guzti hau gertatzea posible egin duen pertsonari eskaini nahi diot: showgirl orijinalari, Dolly Partoni […] Oso zorionekoak gara planeta honetan berarekin kointziditzeko aukera izateagatik”, azaldu du artistak, oso hunkituta.

Atzoko hiru sariekin, Taylor Swiftek orain arte Beyoncek zuen errekorra hautsi du, eta VMA gehien (31) dituen artista da.

Madonnak jaso du gaueko bigarren sari garrantzitsuena, urteko artistarena. Honez gain, elkarlan onenaren saria eraman du, Sabrina Carpenterrekin batera, “Bring Your Love” kantari esker.

Lisa artistak pop bideo onenaren VMA irabazi du, “Dream” abestiaren bideoari esker. Artista berri onenarena Sienna Spiro Londreseko bakarlariak eraman du, eta urteko kantarena, aldiz, BTS taldeak.

Sari banaketaz gain (gehienak emisiotik kanpo banatu dira aurten), zuzeneko aktuazioek piztu dute gaua: Madonna eta Charli XCXek estreinatu berri duten “Danceteria Afterhours” abestia jo dute zuzenean, galaren irekieran. Jarraian, Sabrina Carpenter oholtza gainera agertu da, Madonnarekin “Bring Your Love” kantatzeko.

Urteak emandako piezarik onenak saritzeaz gainera, nostalgiari eskainitako uneak ere izan dira gauean zehar. Nirvanak ibilbide profesionala aitortzen duen ohorezko saria jaso du, eta George Michael eta Dolly Parton zendutako artistak omendu dituzte, euren abestien bitartez.   

VMA sarietako alfonbra gorria

    Publizitatea
    X