J Martinak jotzeari utziko dio

Bizkaitar hirukoak sare sozialetan iragarri du berria. Taldearen ibilbidea agurtzeko bost kontzertu emango dituzte.

J Martina taldeak jotzeari utziko diola iragarri du. Aurretik, bost kontzertu emango dituzte, Donibane Garazi, Gasteiz, Atarrabia, Bilbo eta Donostian.

Bandak eskuz idatzitako gutunean azaldu duenez, “proiektu honek emandako guztia ospatzeko” bira izango da abendua eta otsaila bitartean egingo dutena.

Agur oharrean, J Martinaren parte izan diren zale eta lagunei zuzendu dira: “Mila esker honen parte izan zareten guztioi, babestu eta bultzatu gaituzuen guztioi […] Eskerrak, bestalde, gure musika zuenera eraman duzuen guztioi, batez ere, gaztetxe, espazio autogestionatu, zentro sozialista zein elkartasun ekimenei. Gure kantuen bertan dute zentzua”.

Biran bildutako diru guztia “faxismoari aurre egiteagatik erreprimituak izan direnentzako” bideratuko dutela argitu dute taldekideek. Kontzertuotako sarrerak eskuragarri daude dagoeneko, hemen.

Zazpi urte taulak astintzen

Ane eta Kattalin Barcena ahizpek eta Javi Jorajuriak 2019an sortu zuten J Martina taldea. Bi urte geroago, 2021ean, Jaio Naiz Baina izeneko lehen diskoa kaleratu zuten, pop elektronikoaren bidetik. 

2024an, Negu Gorri izeneko bigarren lan luzea plazaratu zuten, bizitzea tokatu zaien krisialdi garaia salatzen duen diskoa.

Zazpi urte hauetan, Malakias, Merina Gris, Verde Prato, ALAI eta beste hainbat musikarirekin kolaboratu dute, baita egungo borroka sozialei lotutako ekitaldi eta jaialdiekin ere.

Publizitatea
X