Maskakek 'Ziklikoa' izeneko kontzertu berezia emango du Ezpeletan, martxoaren 6an
Lapurtar taldeak adierazi duenez, kontzertu bat baino ziklo baten hasiera izango da hitzordua. Gaztea ere bertan izango da.
Streaming plataforma ezagunenaren jabeak gerrarako tresnak sortzen dituen Helsing enpresa finantzatu duela jakin ostean, hainbat musikari eta erabiltzailek Spotify erabiltzeari utzi diote.
Udako albisteetako bat da: hainbat musikari eta erabiltzailek Spotify utzi eta plataformaren kontrako kanpaina abiatu dute, streaming plataformaren jabeak, Daniel Ekek, gerrarako materiala sortzen duen Helsing enpresa diruz laguntzen duela jakin ostean.
Mundua Palestinara begira dagoen honetan, gizarte moduan ditugun kontsumo ohiturak aztertzeko joerak indarra hartu du, eskura ditugun medioekin genozidioa salatu eta geldiarazte aldera.
Financial Times aldizkariak egindako ikerketa baten ondorioz ezagutu dugu berria: Daniel Ekek, Spotifyren sortzaile eta zuzendaria, 600 milioi euroko inbertsioa egin du Helsing alemaniar enpresan, Prima Materia izeneko konpainiaren bitartez. Helsingek gerra drone, hegazkin eta urpekariak sortzeko teknologia garatzen du, adimen artifiziala erabilita.
2023ko azaroan, Saab AB konpainiak Helsing enpresaren zerbitzuak kontratatu zituen, Israelek erabiltzen dituen droneak fabrikatzeko teknologiaz baliatzeko.
Ez da gertatzen den lehen aldia. Izan ere, 2021ean Daniel Ekek inbertsio handia egin zuen Helsingen, Errusiak Ukraina inbaditu baino hilabete batzuk lehenago.
Spotifyren irabaziak gerra ordaintzeko erabiltzen direla jakinda, nazioarteko artistek (independenteak gehienak) suediar plataforma uzteko erabakia hartu dute. Aplikazioak ematen dien ikusgarritasunari uko eginda, hainbat banda eta bakarlarik euren musika bertatik kendu eta zaleei beste bide batzuk daudela azaldu diete.
Deerhoof, Xiu Xiu, King Gizzard & The Lizard, Hotline TNT eta nazioarteko eszena independentean mugitzen diren hainbat banda izan dira joaten lehenak. Deerhoof kaliforniar rock bandak komunikatu bidez azaldu zuen erabakia: “Ez dugu gure musikak jendea hiltzerik nahi, ez dugu nahi gure arrakasta gerrarako teknologiari lotuta egotea”.
Gurean, sortzaileek abiatu dute dagoeneko boikot kanpaina. Musikariak Palestinarekin izeneko Instagram profilean, artistei euren musika Spotifytik kendu eta entzuleak beste plataforma batzuetara bideratzeko deia egin dute. “Euskal Musikagintzatik ekarpen handia egin dezakegu, euskal musika entzun ahal izateko Spotify ez den beste plataforma bat erabiliz. Artea gerra-industriaren logikatik askatzeko ekintza bat da”, azaldu dute sareetan publikatutako idatzian.
Aurretik aipatutako Deerhoof bandak joateko hautua egin duen arren, Spotifyn dauden beste artista batzuen egoera oso bestelakoa dela azpimarratu du egindako komunikatuan: “Erabaki nahiko erraza izan da guretzat, pribilegio hori izan dugu, (Spotifyk) miseria bat pagatzen baitigu eta biretan plataforman baino askoz diru gehiago irabazten baitugu. Hala ere, badakigu beste artista eta zigilu batzuek Spotifyk ematen dien dirua behar dutela aurrera egiteko eta ezin dutela joateko erabakia hartu, ez ditugu epaitzen”.
Deerhoofeko kideek azaldu bezala, artista ezagunek gehiago dute galtzeko, ekonomikoki behintzat. Bada, jarraitzaile asko dituztenen kasuan, plataforma erabiltzen duen zalegoaren entzunaldiei ekitaldietan, tabernetan eta egunerokoan Spotify erabiltzen duten negozioen entzunaldiak batzen dira. Hala, playlist arrakastatsuetan dauden artistek diru gehiago jasotzen dute, royaltyak (egile, salmenta eta erreprodukzio eskubideak) tarteko.
Armen finantzaketaren berriak artista askoren ihesaldia eragin duen arren, sortzaileek urteak daramatzate Spotifyren itzalak salatzen. Neil Young artistak adibidez, bere musika aplikaziotik kentzeko agindua eman zuen 2022an, covid-19aren inguruko buloak zabaltzen zituen Spotifyren podcast bat entzun ostean.
Kontrako ahots horiek artean, egileen duintasuna aldarrikatzen duena da indartsuena. Bada, azken hamar urteetan, Spotifyren egiturak artisten prekarizazioa bultzatzen duela azpimarratu dute hainbat musikarik. Musikariak Palestinarekin taldeak arestian aipatutako idatzian azaldu bezala, artistek 0,003 eta 0,005 euro bitarte jasotzen dituzte stream bakoitzeko, eta “gehienetan diskoetxe, manager eta bitartekarien artean banatu behar izaten da”.
Gainera, algoritmoaren tirania salatzen dute kritikoenek. Izan ere, entzunaldi gutxiago dituzten artistek ez dute algoritmoak sortutako playlistetan sartzeko aukerarik. James Kennedy musikari eta ekoizle entzutetsuak urteak daramatza Spotofyren baldintzak salatzen.
ElDiario.es-en egindako elkarrizketan, honakoa adierazi du Kennedyk: “Spotify lotsagarria da. Musikaren alderdi txar guztien erakuslea da. Ez du ezer sortzen, ez du artean inbertitzen, ez ditu artistak errespetatzen. Diskoetxe handiekin eta lauzpabost mega-izarrekin aliatutako kartel bat baino ez da. Hau gutxi balitz bezala, orain adimen artifizialarekin eta gerra makinariarekin aliatu nahi du”.
Artistez gain, entzuleak dira Spotifyren kontrako mugimendu honen ezinbesteko protagonistak. Hainbat musika jaialdi handiren atzean dagoen KKR inbertsio funtsari egindako boikotaren atzetik, Israel diruz laguntzen duten marka eta konpainia askoren kontrako kanpaina abiatu da sare sozialetan. Hala, #boikotspotify traolapean, suediar aplikazioa utzi dutela argitaratu dute milaka erabiltzailek.
Artisten lana ordaintzeko modurik eraginkorrena zuzenekoetara joatea den arren, badaude etxean musika entzuten jarraitzeko alternatibak.
Egunerokoan musikaz gozatzen jarraitzeko plazerari uko egin nahi ez dioten entzule konprometituenak beste plataforma batzuk erabiltzen hasi dira dagoeneko. Apple Music, Bandcamp eta Tidal dira sonatuenetarikoak.
Apple Musicen kasuan, katalogoaren aniztasuna eta iragarkirik gabeko doako bertsioa dira plataformaren indargune nagusiak. Gainera, Spotifyk ez bezala, dokumentalak, bideoklipak, kontzertuak eta festibaletako zuzenekoak eskaintzen ditu.
Hileroko harpidetza ordaindu beharrean, Bandcampen abestiak erosi egiten dira. Historikoki, musika independenteren plataforma izan da eta artistei entzuleek ordaintzen dutenaren % 82a pagatzen die. Bildumak sortu eta jarraitzaileekin mezu pribatuak bidaltzeko aukera ematen du.
Audioaren kalitatea (HiFi, MQA) da Tidal aplikazioaren ezaugarri bereizgarria. Erreprodukzio bakoitzeko zentimo bat baino gehiago ordaintzen duen bakarrenetarikoa da: artistek 80 entzunaldi inguru behar dituzte euro bat irabazteko. Hala, 80.000ra iristen direnek, 1000 euro inguru eskuratuko dituzte. Gainera, artista txikiei ikusgarritasuna emateko esfortzu berezia egiten dute.
Lapurtar taldeak adierazi duenez, kontzertu bat baino ziklo baten hasiera izango da hitzordua. Gaztea ere bertan izango da.
IZAROren “Koilarak”, Hesianen “Hemen Naiz”, Zea Maysen “Enbata” eta Skakeitanen “Lerro Hutsen Artean” kantek ere aurten beteko dute lehen hamarkada.
2026ko Jazzaldian Euskal Herriko hamar talde ikusteko aukera izango dugu. Aurkeztutako proposamen guztien artean, aurrez hautatutako hamabost taldek Donostiako hainbat aretotan joko dute, eta publikoak erabakiko du jaialdira joango diren hamarren izena.
Taldeko akordeoi jolearen baja tarteko, La M.O.D.A. taldeak SÜNE fitxatu du diskoaren aurkezpen birako kontzertuetarako.
Bertako zein nazioarteko artistek estudioan igaro dute 2025a. Dagoeneko konfirmatuta dauden iragarpenak eta espero ditugunak kontuan hartuta, honako zerrenda osatu dugu.
Maiatzaren 29an ta 30ean izango da aurtengo edizioa, Iruñeko zitadelan. Soziedad Alkoholika, Nafarroa 1512, Non Servium, Narco, Kaos Urbano, Kaotiko eta Tremenda Jauria taldeak ere bertan izango dira.
Hatortxu Rock festibalaren lekua hartu du jaialdi berri honek. “Musika, askatasuna eta elkartasuna ospatzen dituen” ekitaldiak zuzeneko musikaz blaituko du Atarrabia.
2025ean ateratako abesti entzunenen zerrenda osatu dugu Gaztean. Miruaren “Salda Badago” eta Gorka Urbizuren “Herri Txiki” abestiak daude zerrendako bigarren eta hirugarren postuan.
Elkartasun jaialdia 2026ko urtarrilaren 29an izango da, 20:00etan hasita. Ana Tijoux, Oques Grasses, Morad, Mushka, La Zowi, Yerai Cortés eta Lina Makoul artistak ere bertan izango dira.
Maiatzaren 29an eta 30ean, Amurrion, egingo da jaialdia. Mirua, Dubioza Kolektiv, Biznaga, Javi Medina, Sobrezero, El Jose, Niña Coyote eta Chico Tornado, Sr. Lobezno eta GWA YA taldeak ere bertan izango dira.