Nøgenek oholtzak utziko ditu, azken disko bat kaleratu ostean

Donostiar taldeak ‘Etxera nola heldu’ izeneko birarekin agurtuko ditu eszenatokiak.
Iragarkia
18:00 - 20:00

Nøgen donostiar taldeak bere azken diskoa argitaratu eta jotzeari utziko diotela iragarri du. 2027 hasieran kaleratuko dute lan berria, eta publikoari zuzenekoetan aurkeztu ostean, taldeko kideei agur esateko unea iritsiko zaie.

2016an sortu zen folk-pop banda. Hamar urte hauetan, Gaztearen soinu banda bilakatu dira Liv Til Døden (2018), Under Alt (2020) eta Åben Cirkel (2023) diskoetako abestiak. 

Euskal Herriko plaza, jaialdi eta areto gehienak zapaldu dituzte, baita gure mugetatik kanpokoak ere: Japonia, Korea, Finlandia, Kuba…

Urte hauetan guztietan bizitako guztia soinean, ‘Etxera nola heldu’ izeneko birarekin agurtuko dituzte zaleak, areto eta antzokietan barrena.

Gaur goizean "Dida!" saioan kontatu digutenez, oso nostalgikoak dira taldean, eta horregaitik, agur esatea kostatuko zaiela aurreikusten dute. Hunkituta daude hamar urte hauetan musikari esker bizitako guztiarekin, baita 2027ko otsailean kaleratuko duten lanaren kaleratzearekin ere.

"Erabakia hartu dugu, erabakiak gu hartu aurretik", azaldu du Alex Irazusta bandako kideak. Une onean dauden arren, euren lan, zaletasun eta proiektu pertsonalei eusteko garaia iritsi zaie. 

Zirkulua itxiko dute, "modu duinean" eta pozez, Nøgenek hala merezi duelako. Lagunak izan dira, eta aurrerantzean ere lagunak izaten jarraitu nahi dute: "Enpresa bazkaria mantentzeko asmoa dugu", azaldu dute.

"Onak eta txarrak" izeneko singlea aurkeztu digute, otsailetik aurrera entzungo dugunaren atariko gisa.

Publizitatea
X