Gorka Urbizu: “Jendeak gehiagotan esan dit ‘behar nuen’ ‘gustatu zait’ baino”

Nafar artista urteko egunik tristeenaz (Blue Monday) baliatu da, beste behin, musika berria kaleratzeko. Bakan (I) izeneko bi kantako Epa da eskuartean duena.
Image Player
Erreproduzitzen
Zuzenean
Zuzenekora itzuli
1x 2x
00:00 00:00
18:00 - 20:00

Urteko egun tristeenean musika kaleratzea ohitura bilakatu zaio Gorka Urbizuri. “GU”n kontatu digunez, grazia egiten dio Blue Monday delakoan gordeta dituen piezatxoak kaleratzea. Hala egin zuen Hasiera Bat izeneko bakarkako lehen diskoarekin, baita Bakan (I) izeneko EParekin ere.

Bi kanta oparitu dizkigu nafar musikariak: Leihotikanentzat egindako “Etorkizuna Ginenean”en bertsio akustikoa eta “Herri Txiki” izeneko kanta berria. Biak gordeta zituen, aspalditik. Baditu gehiago, eta urte honetan zehar kaleratzen joateko asmoa duela azaldu digu Urbizuk.

Ikusi "Herri Txiki"ren bideoklipa!

ZETAKen Mitoaroaz eta euskal musikaren eszenaz galdetuta, zerbait geratzen ari dela dio nafar musikariak: “Oro har, ikusten dut, mundu mailan ere bai, talde ezagunak gero eta ezagunagoak dira eta jende gehiago biltzen dute, eta middle class (erdi mailako ospea dutenak) hori galtzen ari dela dirudi”.

Egunerokoa, baina, bestelakoa da artista askorentzat. “Niretzako egunerokoa ematen da areto txikietan, hor sortzen da zaindu beharreko magma hori. Ondo dago BECak egitea, baina egun horietan kontzentratzen da dena eta ez urte osoan zehar pasatzen zaigunean, hor badago debatea”, erantsi du Urbizuk.

Iaz kaleratutako Hasiera Bat LPak izandako ibilbideaz ere aritu gara. Publikoak sekulako babesa erakutsi dio diskoaren birari, bai Berri Txarraken zaleek baita Urbizuren bakarkako proiektuaren jarraitzaile berriek ere. Eskertuta eta pozik dago musikaria.