Musikaren Eguneko kartela: zeatikez, Belako, Tatta, Lukiek, Esanezin, Aimarz, Mr Luken, BARRRK eta Burutik, Tabakaleran ikusiko ditugun artisten artean

Urriaren 11n, Gazteak Musikaren Eguna ospatuko du Donostian, Tabakalerarekin elkarlanean. Aipatutako artistez gain, Anne Lukin, XSakara, Kattalin eta Nenufarrak, Garazi Esnaola, Herenegun, Silitia eta beste hainbat musikariren kontzertu laburrak izango dira ikusgai.
Izenik gabeko diseinua - 1

Gazteak Musikaren Eguna ospatuko du urriaren 11n, Donostian, Tabakalerarekin elkarlanean. Besteak beste, zeatikez, Belako, Tatta, Lukiek, Anne Lukin, Esanezin, Aimarz, XSakara, Kattalin eta Nenufarrak, BARRRK, Garazi Esnaola eta Herenegun ikusteko aukera izango da, goizean hasi eta 12 orduz luzatuko den musika maratoian.

Aipatutakoez gain, Niña Coyote eta Chico Tornado, Libe Kortazar & Jon Basaguren, Apotheke 90, GAR, RTZ, Mugan, Burutik, Silitia, Nhil, Mr Luken eta Indigo taldeen zuzenekoak izango dira. Kontzertuak Tabakalerako aretoetan banatuko dira, eta guztiek ordu erdiko iraupena izango dute.

Iazko edizioaren arrakastaren ostean, aurten ere, Gazteak Euskal Herriko musika eszenako artistak babestu eta azken urtean sortu dutena erakusteko tokia emango die. Kartel eklektikoa osatuta, popa, erritmo urbanoak, elektronika, rocka eta proposamen alternatiboez gozatzeko aukera izango da urriaren 11n. Gurean egunerokoan entzuten diren musikariez gain, euskal panorama osatzen duten proposamen anitzez baliatu da Gaztea aurtengo musikarien zerrenda osatzeko. Hala, ibilbide luzeko artistek lehen urratsak ematen ari diren horiekin partekatuko dute oholtza.

Ekimena aurrera ateratzeko, Donostiako Udala, Kutxabank, Ihobe eta Gazteaukera erakundeen babesa eta Kutxa Fundazioaren laguntza izango du Musikaren Egunak.

 

Sarrerak

Kontzertuak doakoak izango diren arren, nahitaezkoa izango da aurrez gonbidapenak eskuratzea. Ohi bezala, kontzertuak blokeka antolatuko dira, baita sarrerak ere. Hau da, ekitaldira etorri nahi dutenek gustuko blokeetarako tiketak erreserbatu beharko dituzte, hemen.

Zuzeneko jarraipena

Tabakalerako ateak ireki bezain laster, Gazteako lantaldea bertan izango da, egunean zehar gertatzen den guztiaren jarraipen berezia egiteko. Ainhoa Vitoria eta Liher Larrañagak “Bitan” saio berezia egingo dute bertatik. Gazteako esatariek Musikaren Egunean zehar ikusiko duguna errepasatu eta ekitaldiko artistak elkarrizketatuko dituzte.


Gainera, kontzertuetara gerturatzerik ez dutenek zuzeneko guztiak streaming bidez jarraitzeko aukera izango dute, Gaztearen webgunean eta YouTubeko kanalean. Bestalde, sare sozialetan Musikaren Eguneko eduki esklusiboa izango da ikusgai.

Salda Badugu

 
Irratsaioaz gain, estreinatu berri den 'Salda Badugu' podcasteko kideek zuzeneko emanaldi berezia egingo dute Tabakaleran, 12:00etan.
 
Alex Padilla eta Ainhoa Etxebarriak Telmo Trenado zumaiar influencerra hartuko dute, podcasteko bigarren gonbidatu gisa, Zine eta Ikus-entzunezko Laborategian. Sarrera librea izango da, aforoa bete arte.
 

 

Iazko edizioa

2025ean estreinatu genuen Musikaren Eguna ospatzeko ekitaldia. Sarrera guztiak agortuta, gerturatu zirenek Gorka Urbizu, Olaia Inziarte, IZARO, Idoia, TOC, Zea Mays, Olatz Salvador, Janus Lester, Merina Gris, Bengo, Hofe, La Txama, Ezpalak, Malko, Zilibito Records, Txopet, Mikosis, Euskoprincess, maKeda, ALTA, Lamia Mari, Dupla, Kiliki, EZEZEZ, Sukena eta Maskaken zuzenekoak doan ikusteko aukera izan zuten Tabakaleran.

    Publizitatea
    X