Azaroaren 7an entzungo dugu Rosalíaren disko berria: Madrileko zuzenekoa, Times Squareko agerpen goiztiarra, kolaborazioak eta ‘tracklist'a
‘20:45, zuzenekoa TikToken’. Mezu horrekin iragarri zuen Rosalíak bere disko berriko marketing kanpainaren hurrengo urratsa. Ordua iritsita, Madriletik gidatzen ikusi dugu kataluniar artista (ahizparen eta bere lantaldeko beste hiru kideren konpainian), Callaora bidean.
Musika entzuten, erretzen, lankideekin hizketan eta leihoa jaitsita zaleak agurtzen ikusi dugu artista. Iristerakoan, korrika sartu da Callao plazako hotel batean, ehunka lagunen txalo eta oihuen artean. Minutu batzuk igarota, LUX diskoaren azala agertu da Callao zinemetako pantaila erraldoietan. Iragarpenarekin batera, musikariaren webgunea eguneratu eta diskoaren aurre salmenta ireki du Rosalíaren lantaldeak. Bertan, diskoaren azala, diskoa bera, sinatutako edizio berezia eta albumean aurkituko ditugun abestien berri izan dugu.
Lau zatitan banatutako hemezortzi abesti
Artistaren webgunean ikus daitekeenez, hemezortzi abestik osatuko dute LUX. 'MOV' izeneko lau bildumatan antolatu ditu kantak, eta horietako batzuei (esklusiba) izenondoa jarri die tituluaren ondoan.
Izen gehienak ezezagunak diren arren (“La Yugular”, “Mundo Nuevo”, “Jeanne”, “Sauvignon Blanc”, “Magnolias”…), “De Madrugá” izeneko kantak zaleen alarmak piztu ditu. Bada, El Mal Querer birako zuzenekoetan behin baino gehiagotan abestu duen arren, argitaratu gabeko kanta da “De Madrugá”. Zaleen hipotesiaren arabera, kontzertuetan abestutako kanta horren estudioko bertsioa izango da diskoan aurkituko duguna.
Kolaborazioak, ofizialak eta iragartzeko daudenak
Musikariaren webgunean, diskoaren deskribapenean aurkitu ditugu LUXen entzungo ditugun elkarlanetako batzuk: Björk, Carminho, Estrella Morente eta Silvia Pérez Cruz. Gainera, diskoa Londresko Orkesta Sinfonikoarekin eta bi kororekin (Escolanía de Montserrat eta L’Orfeó Català) grabatu dela aurreratu dute.
Ofizialez gain, kaleratzearen zalapartaren baitan, Rosalíaren fanek kolaborazio posibleen zerrenda ireki dute. Esaterako, Sean Paul artistak urtea bukatu aurretik Rosalíarekin egindako elkarlan bat kaleratuko dela esan du elkarrizketa batean.
Forbesek ere egin ditu bere apustuak, Caroline Polachek eta Frank Ocean artistak aipatuta. Guitarricadelafuente ere aipatu izan dute hainbat mediok, bi artistek azken hilabeteetan erakutsitako gertutasuna tarteko.
New Yorkeko agerpen goiztiarra
Callaoko pantaila erraldoietan LUXen azala agertu aurretik, New York hiriko Times Squareko pantailetan ikusi genuen Rosalíaren disko berriaren azala. TikTokeko zuzenekoan konturatu da Rosalía bera, eta haserre agertu da, bere lantaldearekin Madrilekoa lehenengo iragarpena izango zela argi utzi baitzuen.
Komunikazio arazoren bat egon dela azaldu diote Madrilen berarekin zeuden kideek, eta momentuaz gozatu eta mugikorra ez begiratzeko eskatu diote.