Ramona's First Evil Boyfriend, Gaztea Gauaz: "Ez genuen espero eta sekulako aukera da guretzako"

Andrea Pozo, taldeko abeslaria, "Dida Fresh!"en izan da. Hirukoak abuztuaren 17an Zarauzko malekoian joko du, Gaztea Gaua deialdi irekian parte hartu ostean.
Iragarkia
18:00 - 20:00

Ramona’s First Evil Boyfriend taldeko Andrea Pozo “Dida Fresh!”en izan da, Zarautzeko jaietan Gaztea Gauan parte hartuko dutela jakin ostean. 

Ekainean abiatu genuen Gaztean Olaia Inziarte eta zeatikez artistekin joko zuen hirugarren bandaren bilaketa, eta 70 proiektutik gora jaso genituen.

Gonbidatuaren esanetan, sekulako ezustekoa izan da Gaztea Gauan parte hartzeko aukeratuak izatea, ez baitzuten espero. 

Azkoitiar bandako kideak oso gogotsu eta eskertuta daudela kontatu digu: “Orain arte sala txikietan jo izan dugu beti; alde horretatik, astelehenekoa aukera paregabea izango da”.

Gainera, Olaia Inziarteren zale amorratua dela aitortu digu Andreak, erreferentetzat du nafar kantaria. Olaiaren azken birako hainbat kontzertutan izan da musikaria, eta astelehenean oholtza gainean ezagutzeko aukera izango du.

Ramona’s First Evil Boyfrienden ibilbidea

Denboraldia bukatu aurretik, taldeko Andrea Pozo eta Julen Hidalgo “B Aldea”n izan ziren, Julen Idigoras eta Ainhoa Vitoriarekin, EATXI izeneko disko berria aurkezteko.

2021ean sortu zen proiektua, biko formatuan, Andrea Pozo eta Joxemari Unanueren eskutik. 

Ordutik, lo-fia, dream popa eta folka oinarri hartuta, euren bidea egin dute, bai Euskal Herrian baita gure mugetatik kanpo ere. Besteak beste, lan berriaren aurkezpen birak Oviedo eta Madrilera eraman ditu. 

Taldearen hirugarren diskoa da EATXI, eta jasotako babesarekin oso eskertuta daudela kontatu ziguten.

Gaztea Gaua Zarautz

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X