‘Kea, Argiak eta Kontraesanak’, ilunera doan Marte Lasarteren lan berria
Marte Lasarteko Pello eta Borja “Dida!”n izan dira, Kea, Argiak eta Kontraesanak izeneko disko berria aurkezteko. Taldeak aurkezpenean azaldu duenez, punk jarrerak zeharkatutako “poparen eta rockaren artean eraikitako zubi elektroniko bat” da bandaren bigarren diskoa.
Letretan indar handia duten bizitzaren kontraesan eta argi-ilunez gain, euren musikan ere kontraesanak aurkitu dituzte, eta horiekin bizitzen ikasi dute. Bada, hainbat estilo eta egiteko modu uztartu dituzte bigarren disko honetan.
Diskoko abestien artean, dagoeneko single gisa entzun ditugun Sila Lua, Belako eta Eiber Villalba musikarien kolaborazioak aurkituko ditugu. Zuzenekoez galdetuta, Lore Nekane Billelabeitia taldekidearen haurdunaldi bukaera dela eta egin dituzten aldaketez aritu dira musikariak. Kontatu digutenez, bosteko formatuan arituko dira aurrerantzean, Loreren ordezko musikari bat eta Uxue Estradaren laguntzarekin.
Gaurtik aurrera entzungai dugunaz gain, Durangoko Azokarako pieza berezi bat prestatu dutela iragarri digute: platagormetan entzungai izango ez den abesti bat. Rafa Berrio donostiar musikariaren omenez sortu dute kanta, Malakiasen ekoizpenaz baliatuta.
Zure interesekoa izan daiteke