‘Bila-bila’ izeneko kolaborazioa estreinatu dugu, La Txama eta SÜNErekin
SÜNE eta La Txamako Aitor Valcarlos ‘Dida!’n izan dira, elkarrekin egindako “Bila-bila” izeneko abestia primizian estreinatzeko. Astebete barru kaleratuko den La Txamaren disko berrian izango da entzungai abestia.
Lasturren, SÜNEren herrian, girotu dute kanta, “Adelita” corrido ezagunaren bueltan. SÜNEk azaldu digunez, umetako traumetako bat gainditzeko balio izan dio: “Trikitixa ikasten nuenean sekulako nazka hartu nion ‘Adelita’ri, gorroto nuen. Eta orain adiskidetu egin naiz, abesti honetan erreferentzia hori sartzea polita izan da”.
Corridoak eta trikitixa uztartzeaz ere aritu dira bi gonbidatuak. Bien ustez, oso bateragarriak dira bi elementuak, eta La Txamako kideei abestia sortu bezain pronto otu zitzaien SÜNEren izena.
Durangoko Azokan aurkeztuko dute La Txamaren bigarren diskoa, Aitor Valcarlosek eta Tulik ‘B Aldea’n aurreratu zigutenez.