Garazi Esnaolak Ez gaude hemen izeneko bakarkako diskoa kaleratuko du irailaren 28an. Aurretik, pare bat lagin oparitu dizkigu, eta jendaurrean jotzeko aukera izan du uda honetan. Diskoa iritsi aurretik, Lizartzako musikariak aurkezpen birako 12 kontzertuak iragarri ditu, eta Donostiako Victoria Eugenia Club aretoko bi egunetako sarrerak agortuta daude dagoeneko.
Eskarmentudun musikaria da Esnaola. 15 urtetik gora daramatza hainbat taldeko pianista gisa; azkenaldian, IZARO eta Janus Lesterren bandan. Gonbidatuak kontatu digunez, Jokin Pinatxok lagundu dio ekoizpen lanetan eta esperientzia zeharo aberasgarria izan da.
Gaztean primizian aurkeztu digun “Ez gaude hemen” abestia “gaur egungo munduarekin dugun harremanari begiratzeko lehen hurbilketa da: konektatuta egotearen eta benetan bertan egotearen arteko distantzia, norberaren eta ingurukoaren arteko mugak lausotzen diren espazioa”.