‘Aldapan gora’tik ‘Radiomaria’ra: aurten 10 urte beteko dituzten abestiak

IZAROren “Koilarak”, Hesianen “Hemen Naiz”, Zea Maysen “Enbata” eta Skakeitanen “Lerro Hutsen Artean” kantek ere aurten beteko dute lehen hamarkada.
laguntzarekin - 1

Urte berriko lehen astean iritsi zaigu sare sozialetako lehen joera birala: 2026a 2016aren antzekoa izango da. Moda ziklikoa dela kontuan izanda, 2026an duela hamar urteko estetika berreskuratuko dugula aurreikusi dute moda adituek. Hala, sare sozialetako erabiltzaileek duela 10 urteko argazkiak igo dituzte sare sozialetara, eta orduko joerak ekarri dituzte gogora: Mannequin Challenge, Snapchat aplikazioko filtroak, Retrica edizio aplikazioa…

Gaztean ere egin dugu gure bilaketa, eta aurten 10 urte beteko dituzten abestien zerrenda osatu dugu.

Huntzaren “Aldapan gora”

Gipuzkoar bandak euskal musikaren hautsak harrotu zituen 2016an, “Aldapan gora” abestiak eragindako fenomenoari esker. Durangoko Azokan aurkeztu zuten Ertzetatik diskoko kanta da, eta honela jo zuten estreinakoz Ahotsenean.

2024an Gaztean egindako neurtaldiaren arabera, Spotifyko euskal kantarik entzunena da Huntzaren klasikoa. “Kalabazak” eta “Iñundik Iñoare” hitak ere disko berekoak dira.

18:00 - 20:00

 

Gatibu eta IZAROren “Aske Maitte”

2016ko abenduan entzun genuen lehen aldiz “Aske Maitte”, Gatibu eta IZAROren arteko elkarlan ezaguna. Talde bizkaitarraren izen bereko diskoan kaleratu zuten kanta, eta bi urtera izan genuen ikusgai Elantxoben grabatutako bideoklip ikusgarria. Ross dantza eskolako dantzariekin grabatutako piezak 7 milioi ikustalditik gora ditu YouTuben.

IZAROren “KoiLarak”

2016ko irailaren 9an kaleratu zuen IZAROk om, bere lehen diskoa. 

Bertan entzun genuen estreinakoz “KoiLarak” kanta, baita zetorrenaren pistaren bat ere. Izan ere, IZAROren ibilbidean ezinbestekoak izan diren limoiak (limoiondoa) aipatzen dira bere lehen diskoko abesti honetan.

Bitxikeria gisa, 2025ean zinema aretoak bete dituen Jone, batzuetan filmeko zuzendariak, Sara Fantovak, zuzendu zuen “KoiLarak”en bideoklipa.

Skakeitan eta Manu Chaoren “Lerro Hutsen Artean”

Aurten 10 urte beteko dituen elkarlan hau oso modu bitxian sortu zela kontatu digute Skakeitaneko kideek: Manu Chaok Donostiako Aste Nagusian Zurriolako hondartzan emandako kontzertu erraldoian ezagutu zuten elkar, eta bertan sortu zen kolaborazioa.

Donostiar taldeak 2023an utzi zituen oholtzak, Oialumen eskaini zuten ‘Zuekin azken azkena’ izeneko kontzertu gogoangarriaren ostean.

Zea Maysen “Enbata”

Harro diskoa, estudioko zortzigarrena, eskuartean zuela agurtu zuen Zea Maysek 2016. urtea. Diskoaren lehen single gisa aurkeztu ziguten “Enbata” kanta, Durangoko Azoka baino bi hilabete lehenago.

Autoezkoizpenaren bidetik, Zea Mayseko kideek zigilu propioa sortu zuten disko hau ekoizteko: Garden Records. Urtebete geroago, 2017an, Zea Maysek Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin grabatutako hiru kantez ("Negua joan da ta", "Gaur" eta "Elektrizitatea") osaturiko EPa kaleratu zuten.

Hesianen “Hemen naiz”

Jotzen jarraituko balu, Hesian taldeak 20 urte beteko lituzke aurten.2016an, taldeak 10 urte bete zituen urtean, Hesian izeneko lana kaleratu zuen Zuriñe Hidalgo abeslari zuen taldeak.

Bost urte geroago, taldearen amaiera iragarri zuten, urtarrilaren 9an Bilboko Kafe Antzokian emandako kontzertutik egun gutxira.

 

Fermin Muguruza & Chalart58: “Baldintzabikoa (Black is Beltza ASM Sessions)”

Duela hamar urte, Fermin Muguruzak Black is Beltza ASM Sessions izeneko diskoa kaleratu zuen. Bertan, Chalart58 perkusio jole eta ekoizlearekin grabatutako dub sesioen bilduma topatu genuen. Bartzelonan grabatu zuten lana, hainbat lagunez inguratuta: New Orleansetik etorritako musikariak, La Basu, Aneguria, Joan Garriga (La Troba Kung-Fu), Madjid Fahem (Manu Chaoren gitarrista), Ander Valverde (Green Valley)…

Bertan aurki daiteke “Baldintzabikoa”, diskoaren lehen singlea.

Willis Drummonden “Joan ikustera”

2016ko Durangoko Azokan aurkeztu zuten baionarrek Tabula Rasa izeneko diskoa. Ahotseneko zuzenekoan, gerora taldearen abesti ezagunena bilakatu den “Joan ikustera” entzun genuen lehen aldiz.

Jurgi Ekiza abeslariak orduko elkarrizketetan azaldu zuenez, Jacques Brel abeslariari egindako elkarrizketa batek inspiratu zuen “Joan ikustera”ren letra. 

Brelen ustez, bizitzeko ezinbestekoa zen lekuetara joan, ikusi eta gauzak egitea. Hitzok barruak nahastu zizkion Ekizari, eta huts egiteari beldurra galtzen hasi zela aitortu zuen.

Peiremans+en “Radiomaria”

Peiremans+ taldea 2005ean sortu zuten Gorka Urbizu (Berri Txarrak), Haritz Beristain Txiki (Kashbad) eta Imanol Ubeda musikariek. Urte horretan bost kantaz osaturiko Peiremans diskoa kaleratu zuten, eta kontzertu batzuk eman ostean, elkarrekin jotzeari utzi zioten, beste proiektu batzuetan murgiltzeko.

Hamar urteren buruan, berriz elkartu ziren, kanta berriak grabatzeko. 2016ko martxoan kaleratu zuten Bigarren Saria, “Bemidji” eta “Radiomaria” hitak biltzen dituen disko laburra.

 

Liherren “Hauts”

Hilabete batzuk lehenago, 2015ean, elkartu ziren lehen aldiz donostiar bandako kideak. Lide Hernandok bakarka abiatu zuen proiektua, eta musikariekin elkartuta, "Hauts" izeneko kanta eta izen bereko diskoa kaleratu zuten 2016ko martxoan.

Gerora etorri dira Tenpluak erre, Hemen herensugeak daude eta Eta hutsa zen helmuga diskoak; baita Bele, Lide Hernandoren proiektu berria ere.

Vendettaren “Pao Pao Pao”

Pello Reparazen talde ohiak 2016an kaleratu zuen Brother, bandaren bosgarren diskoa. Albuma kaleratu eta gutxira, beste artista batzuekin elkartu eta diskoko kanten bideoklipak grabatu zituzten.

“Pao pao pao”ren kasuan, Los Chikos del Maizeko Toni Mejiasekin elkartu zen nafar taldea. Vendettak Euskal Herriko eta gure mugetatik kanpoko aretoak (Suitza, Alemania…) bete zituen Brother diskoaren aurkezpen biran.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X