Des-kontrol eta Arkada Social taldeek jotzeari utziko diotela iragarri dute
“Mailua pausatzeko garaia” iritsi aurretik, bi kontzertu emango dituzte, ASKE eta 40 Minutu Rock jaialdietan.
'Iltze 1' izeneko estreinako bakarkako mixtapea kaleratu du Kiliki nafar artistak. Diskoan aurkituko ditugun erreferentziak, sortze prozesua eta auzoa izan ditu hizpide Gazteari emandako elkarrizketan.
Iltze 1 izeneko mixtapea estreinatu du gaur Kiliki nafar artistak. Chill Mafiak asmatutako bidea ibili ostean, bakarkako lanarekin dator Beñat Rodrigo iruindar musikaria. Berarekin izan gara, bertan aurkituko duguna hizpide.
Duela urtebete inguru kokatzen du Kilikik EParen sorrera: “Musika egiteko gogo handia nuen, eta Chill Mafiaren bukaera aurreikusten zenez, nire kabuz ekoizten hasi nintzen; eta konturatu nintzenerako banituen hiruzpalau abesti”.
Etxean sortu eta grabatu ditu mixtapeko zazpi kantak, eta berak ekoitzi ditu denak, Sunny Wright IVren (Chill Mafiako ekoizlea), Xabi Esparza (Kilikiren zuzenekoetan baxua joko duen musikaria) eta Densorekin (“Iltze 1” abestian) elkarlanean. Diskoaren nahasketa Hans Krugerrek egin du, Zubitzako (Nafarroa) Montreal Studiosen.
Diskoko azken kantan, “como un fugitivo”n, dago Kilikiren opera primaren muina: “Enséñame algo que sea verdad, enséñame algo que sea real” (erakutsi egiazko zerbait, benetakoa den zerbait). Entzuten ari den horrek zerbait —edozer— sentitzea bilatu du Kilikik Iltze 1en.
Beste aldean dagoenaren arreta pizteko, genero eta soinu nahasketa bitxia egin du nafar artistak. Izan ere, punkaren belaunaldi guztiak, pop armoniak, grimea, rumba, synth-wavea eta UK garagea aurkituko dituzu, besteak beste. Pieza atsegina eta itsaskorra da batzuetan, karrankaria besteetan.
Egiazkotasun horren bilaketan, zalantza gutxi izan dituela kontatu digu musikariak. Izan ere, senari jarraituz, egin duen lanarekin pozik eta konbentzituta dagoela dio Kilikik. “Azken boladan egiten dudanarekin oso seguru nago. Zerbait sortzen hasten naizenean, ez badit zirrararik sortzen, unean bertan uzten dut. Bestela, aurrera egin eta konturatzen naizenerako, gutxi gora behera, egin dudanak kanta forma du”, azaldu digu. Hala, diskoa osatzeko prozesuan atzean gelditu diren kantez galdetuta, beat bakarra baztertu duela aitortu du.
Iltze 1eko letretan ere, arrosa eta arantzaren arteko norgehiagoka da nagusi. Maitasuna, auzoa eta heriotza dira mixtapeko gai nagusiak. Azken honek diskoan duen pisuaz galdetuta —hiru kantetan aipatzen da, gutxienez—, horrela erantzun du Kilikik: “Azken boladan dezente pentsatzen du heriotzean, nire bizitzan nahiko presente dagoen gai bat da”.
Auzoari dagokionez, musikariak Chill Mafiaren unibertsoaren baitan sortutako iruindar periferiako erreferentziak, polizia, "pijo"ak, drogak eta miseria ekonomikoa aipatzen ditu, besteak beste.
Berea den mundutik abesten du, auzoan topatzen baitu bere mezua zabaltzeko plaza: “Interesatzen zait auzoaren aldarri hori, ez hainbeste pertenentzia sentimendutik, baizik eta zirrikitu horretatik topatzen dudalako arte politikoa egiteko espazioa, panfleto bat izan gabe”.
Poliziaren jazarpenaren eta boteredunen kontrako “mendeku poetiko-politiko” andana daude EPAn; tartean, “la ija de un munipa”. Maskulinitatearen iruditeriak zeharkatutako bengantza mota hori (dirua irabazi eta boteredun bati aurpegira botatzea, sexua “Estatu mendeku” gisa erabiltzea…) oso presente dago diskoan.
Aldi berean, zintzotasunaren goratzea eta zaurgarritasunaren aldarri txikiak topatuko ditugu. “como un fugitivo”n, adibidez, gogorra izan nahi ez duela kantatzen du Kilikik. Gizontasunaren bi aurpegi horien talkaz galdetuta, sentitzen duen moduan azaleratu duela dio musikariak: “Ez dut beste maskulinitate forma bat aldarrikatzeko intentziorik, nik horrela bizi dut. Ez dut forma bat beste baten aurrean jarri nahi, baizik eta nire burua aldarrikatu”.
DJ Assault, Las Chuches eta Luis Miguel izan dira, besteak beste, Iltze 1 inspiratu duten artistetako batzuk. Horiez gain, azkenaldian gehien entzun dituen musikariez aritu zaigu Kiliki. Bi rapero estatubatuarren diskoak nabarmendu ditu: JPEGMAFIAren I LAY DOWN MY LIFE FOR YOU eta Lil Yachtyren Let’s Stars Here. Gurera etorrita, TOC bizkaitar taldearen Jaioteak Hiltea Zor ere asko gustatu zaio.
Kronikoki online dagoen pertsona gisa, TikToken gustura bizi da musikaria, eta dagoeneko pasatzen duena baino denbora gehiago eman nahiko luke plataforma horretan. Izan ere, "scroll" singlearen bueltan emandako hainbat elkarrizketetan azaldu duenez, eduki jakin batzuen kontsumoa eta egiten den indarkeriaren pornografia salagarriak diren arren, ez dator bat "mugikorrak txarrak direla dioten teoria jordiwildeskoekin". Azken boladako eduki faboritoen artean, koltxonetetan saltoak eta akrobaziak egiten dituzten indiarren bideoak azpimarratu ditu.
“Mailua pausatzeko garaia” iritsi aurretik, bi kontzertu emango dituzte, ASKE eta 40 Minutu Rock jaialdietan.
Ohi bezala, Errenterian zehar banatutako guneetan banatuko dituzte ekitaldiak, irailaren 17tik 20ra.
Dokumentua sinatu duten artisten artean, Fermin Muguruza, Hofe, Anari, Denso, Eire, Ezpalak, Esanezin, Merina Gris, La Txama, SÜNE eta TOC musikariak daude.
Abuztuaren 4tik 9ra, 30 taldetik gora ikusteko aukera izango da Gasteizeko Txosnetan, Andrea Maria Zuriaren jaietan.
Nat Simons, Aurora Beltrán, Orquesta Mondragon eta Malmö 040k ere Saguesen joko dute, abuztuaren 8tik 15era.
Halley Tour deitu diote abenduan Biarritz, Azpeitia, Gasteiz, Iruñea, Donostia eta Bilbon emango duten kontzertu sortari. Sarrera gehienak kaleratu eta minutu gutxira agortu dira.
Donostian hasi eta Madril, Granada, Bartzelona, Las Palmas, Dublin, Londres eta Bruselatik igaroko dira artista eta bere banda, ‘ARKITEKTURA’ diskoaren jendaurreko aurkezpenean.
Arabarrek Europa Parkean joko dute, abuztuaren 26an. Murtziar rock taldeak 29an joko du, eta Walls bakarlaria, ostera, abuztuaren 27an.
Nafar bandak San Mames estadioa beteko du ekainaren 19an eta 20an, MITOAROaren emanaldi berriarekin.
Sari banaketak 10 urte bete ditu aurten, eta Biarritzeko Atabal aretoan ospatu dute urtemuga. Aipatutakoez gain, Jon Sáenz, Maite Ruiz de Erentxun, Maite Larburu, Izaki Gardenak, Fermin Muguruza, Javier Corral eta Xabi Aburruzaga ere saritu dituzte.