Interneten bizitzearen estimulu gaindosiak, Kilikiren “scroll”en
Nafar artistak Iltze bat izeneko mixtapea aterako du martxoaren 21ean. Lehen alea aurkeztu digu, esklusiban, “B Aldea”n.
Kilikik bakarkako ibilbideari ekingo dio udaberri honetan, Iltze bat izeneko mixtapea kaleratzearekin batera. Martxoaren 21ean entzungo ditugu diskoa osatuko duten 7 kantak; baina, aurretik, “scroll” izeneko lehen alea ekarri digu “B Aldea”ra.
Musikariak azaldu digunez, estimuluz inguratuta bizi garen honetan, “gero eta gutxiago afektatzen digute gauzek”. Bada, sare sozialen bitartez kontsumitzen dugun eduki zaparradan “gauzak galtzen” direla dio Kilikik. Hala ere, interneteko biztanle zoriontsua ere bada: “Ez dakit oso ondo nora joan nahi dudan kanta honekin, guzti horren maitalea ere banaiz, badu zerbait amodio gutunaz ere”.
Soinuari dagokionez, gordina eta iluna da “scroll”. Sunny Wright IVekin (Chill Mafiarekin ezagutu genuen Suneo) egin du ekoizpena, eta bere laguntzaz baliatuko da mixtapea oholtza gainera eramateko. Gainera, baxu jole bat eta bateria jole bat ere eramango dituela aurreratu digu Kilikik.