Airu, Silitia, Lukiek, Mikosis, Indabe, Grande Amore eta Aiko El Grupo, urriaren 3an eta 4an, Bolo-Bolo Weekend jaialdi berrian
Airu, Silitia, Lukiek, Mikosis, Indabe, Grande Amore eta Aiko El Grupok Donostiako Intxaurrondo Kultur Elkartean joko dute urriaren 3an eta 4an, Bolo-Bolo Weekend jaialdiaren lehen edizioaren baitan.
Bloody Mary disko dendaren 35. urteurrenaren aitzakian, Donostia Kulturarekin elkartu eta “aurrekaririk gabeko musika jaia” antolatu dute. Aipatutako taldeez gain, Adios Amores, Dame Arsa, Honeyglaze, Kotoi eta Zeba bandak ere bertan izango dira.
Antolatzaileen hitzetan, “areto jaialdi alternatiboa eta guztientzako erosoa” izango da Bolo-Bolo Weekend. Euskal Herriko eta nazioarteko talentu berriei balioa emateko jaio da jaialdia, “mikrojaialdien” bidetik, “aretoetako kontzertuak aldarrikatuko dituen” ekitaldia eskaini nahi dute.
Sarrerak
Bolo Bolo Weekendeko bi egunetarako bonuak eskuragarri daude, Donostia Kulturaren webgunean. Gainera, Gazteako saioetan hainbat sarrera bikoitz zozkatuko ditugu.