TOC: “Autoekoizpenak beldurra ematen duen arren, sentitzen dugu gure soinuaren parte dela dena guk egitea”
TOC taldeko Mikel Bilbao eta Aitor Etxebarria “B Aldea”n izan dira, Jaioteak Hiltea Zor izeneko bigarren diskoa aurkezten.
Soinu aldetik inoiz baino leunago datozen arren, amorruz kantatzen jarraitzen dute TOCeko kideek: “Xabik idazten ditu letrak eta azken aldian nahiko gordin idatzi duela esan daiteke”. “Egiten dugun gauza bakoitzean leku berri batera joaten saiatzen gara” , azaldu dute musikariek. Bat Barik Ez Dauz Bi EPko erronka dena eurek grabatzea izan zen, eta oraingo honetan baliabide gehiagorekin (ordenagailua, sintetizadoreak…) lan egitera animatu dira.
Aitor Etxebarria taldekideak egin ditu diskoko ekoizle lanak, bandan hartutako “erabaki naturalen” ondorioz. Izan ere, autogestioa da taldearen marketako bat: “Autoekoizpenak beldurra ematen du, baina dagoeneko sentitzen dugu gure soinuaren parte dela Lo-fi edo ukitu “kasero” hori”. Arlo bisualaz galdetuta, Ximon Agirrek, Alex Perezek eta Maria Muriedasek garatu dute lan berriko unibertsoa. Azala hizpide, “untxiaren alde ‘kukia’ eta atzean dagoen ekaitzaren arteko kontrastea” diskoaren metafora bat dela azaldu digute.
'TOC soinua'ren arrastoaz ere aritu dira musikariak. Izan ere, Bizkaiko hainbat talde berrik hartu dute taldearen musika erreferente argi gisa. Urteetan zehar egindako lanaren emaitza da besteengan eragite hori, eta pozik daude fenomenoarekin.