Minutu gutxian agortu dira Musikaren Eguneko gonbidapen guztiak
Minutu gutxian agortu dira Musikaren Eguneko zuzenekoetarako gonbidapen guztiak. 17:00etan hasita eta 20:00ak arte, ordu tartekako gonbidapenak ateratzen joan dira, eta sarrera guztiak di-da bukatu dira, eskuragarri jarri eta berehala.
Sekulakoa izan da erabiltzaileen harrera, eta arratsaldean zehar 2400 pertsonatik gorako ilara birtuala egon da hainbat unetan.
Gonbidapenik behar ez duten ekitaldiak
Kontzertuetarako sarrerak bukatu diren arren, badira Musikaren Egunera hurbiltzeko beste hamaika arrazoi.
Gazteak zuzeneko bi saio egingo ditu Tabakalerako harreran, eta hauetarako ere ez da gonbidapenik beharko. Lehena “Bitan” saioaren denboraldiko azken atala izango da, Ainhoa Vitoria eta Sara Alonsok gidatuta, 11:00etatik 13:00era. Bigarrena, ostera, Julen Telleria, Ibon Fernandez eta Alain Perezek aurkeztuko dute, 15:00etatik 17:00etara. Musikaren Eguneko giroaren berri emateaz gain, egunean zehar joko duten artistak elkarrizketatuko dituzte bi saioetan.
Aitziber Gradosek eta Malen Altunak ‘Benetan Zabiz?’ podcasta zuzenean egingo dute Tabakaleran, sarbide librearekin.
Gainera, Musika Bulegoarekin elkarlanean, bi solasaldiz gozatzeko aukera izango dute sarrerari gabe gelditu diren horiek. Lehenengoan, Eneritz Furyak eta DJ Ines gorputza lehen lerroan jartzeaz arituko dira, Oihana Aranaren gidaritzapean. Bigarrenean, ostera, ‘Formatu handia vs. Formatu Txikia. Kontzertuak ikuspegi askotatik egiteko artea’ izango da gaia. Galder Beramendik gidatuta, gaiaz arituko dira Amaia Ispizua (GET in), Julen Caminos (Bidean Produkzioak) eta Dupla musikariak.
Geroko jaia, Dabadaban
Tabakalerako kontzertu eta ekitaldi guztiak bukatuta, Dabadaba aretoan jarraituko du festak, 22:00etan hasi eta 02:00ak arte.
Gela eta Giiovaaz artisten musikarekin, goizaldean bukatuko dira Musikaren Eguneko ospakizunak. Festarako sarrera DICE plataforman izango da eskuragarri.