Gaztea Ura Bere Bidean 26'ren estreinaldian izango da, zuzeneko saio berezi batekin

Maite Garmendia eta Sara Alonsok “GU” berezia egingo dute, 17:00etatik 20:00etara, Ura Bere Bidean emanaldiaren aurtengo edizioko lehen egunean.

Ura Bere Bidean Bizkaia Arenara iritsiko da urriaren 22an (osteguna). Aurtengo edizioaren estreinuaren berri emateko, Maite Garmendia eta Sara Alonso esatariek “GU” saio berezia egingo dute bertatik, 17:00etan hasi eta 20:00etan bukatuta.

Emanaldiaren atariko gisa, zuzenean joko duten artistak elkarrizketatuko dituzte, eta photocalletik pasatuko diren aurpegi ezagunen errepasoa egingo dute. Saioa irratian, Gaztearen webgunean eta GUAU audio plataforman izango da entzungai, zuzenean.

Ura Bere Bidean

Urriaren 22, 23 eta 24an, 29 taldek Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin eta Bilboko Koral Elkartearekin joko dute, Fernando Velazquezen zuzendaritzapean. Talde edo artista bakoitzak bere abesti ezagun bat moldatu eta bertsio sinfonikoan joko du, zuzenean.

Pantxoa eta Peio, Doctor Deseo, Zea Mays, ETS, Alaitz eta Maider, Eñaut Elorrieta, Betagarri, Betizu Taldea, Merina Gris, Tatta, Maruxak, Mirua, Olaia Inziarte, Hofe, Sara Zozaya, Bengo eta beste hainbat musikari erregistro berezi honetan ikusteko aukera izango da aurten.

Sarrerak eskuragarri daude, ekitaldiaren webgunean.

Publizitatea
X