'MITOAROA III'rako gida praktikoa: ordutegiak, janaria eta edaria, sarrerak, ordainketak eta zer eraman daitekeen

Ekainaren 19 eta 20an, Bilboko San Mames estadioak ZETAKen ‘MITOAROA III’ ikuskizuna hartuko du. Bertaratu aurretik, zaleek jakin beharreko informazio interesgarria bildu dugu Gaztean.
Zetal Pello Reparaz Mitoaroa

Asteburu honetan (ekainak 19 eta 20), ZETAKen MITOAROA III ikuskizunak Bilboko San Mames beteko du, tiket guztiak agortuta. MITOAROA I (Nafarroa Arenan) eta MITOAROA IIren (Ilunben) arrakastaren ondoren iritsiko da Bilboko hitzordua. Lehen biak oraina eta iragana, hurrenez hurren, zituzten abiapuntu; MITOAROA IIIk, ostera, beste jauzi bat egingo du: etorkizunera begira egingo den ikuskizuna izango da, San Mames euskal kulturaren bozgorailu handi bihurtzeko pentsatua.

Kontzertura garaiz iritsi eta behar bezala gozatzeko, informazio praktikoa bildu eta ikuskizuneko gida praktikoa osatu dugu Gaztean.

Ordutegiak

Ostiralean zein larunbatean, MITOAROAren festa 14:00etan hasiko da, estadioaren kanpoaldean. Ekainaren 19an (ostirala), San Mameseko ateak 20:30ean irekiko dira; larunbatean, berriz, 20:00etan

Ikuskizuna 22:30ean hasiko da ostiralean, eta 22:00etan larunbatean. 

Bi egunetan, emanaldiak 2 ordu eta 30 minutu inguruko iraupena izango du. Ikuskizuna garaiz hasiko dela azpimarratuta, San Mamesera denboraz joateko deia egin dute ekitaldiko antolatzaileek.

Adingabeak

Ostiral zein larunbatean, adingabeek (16 eta 17 urteko gazteek) gurasoek edo legezko tutoreak sinatutako agiria aurkeztu beharko dute, 18:00etatik aurrera. Nerabeok inprimakiaren 1. aukera markatuta eraman beharko dute, eta identifikazio eskumuturra jarri beharko dute ekitaldiaren eremura sartzeko. 15 urtetik beherakoen kasuan, guraso edo legezko tutorearekin sartu beharko dira, baimen agiriarekin, inprimakiaren 2. aukera markatuta eta identifikaziozko eskumuturrarekin.

Ilara luzeak saihesteko, baimena etxetik inprimatuta eta beteta ekartzea gomendatu dute antolatzaileek. Lortu hemen 18 urtez azpikoen baimena.

Sarrerak

Ekainaren 15etik 18ra, kontzertuko sarrera erosi zuten pertsona guztiek sarrera berri bat jasoko dute, korreo elektroniko bitartez. Hasieran bidalitako tiketaren aldean, sarbide ate batzuetan aldaketak egin dira. Horregatik, jasotako azken bertsioa erabili beharko dute, informazio eguneratua bertan baitago.

MITOAROA IIIko antolakuntzak adierazi duenez, ekitaldira sartzeko baliodun sarrera bat izan beharko da, eta sarrera hori mugikorreko pantailan erakustea baino ez da eskatuko. Ez dira pantaila argazkiak onartuko eta ez da beharrezkoa sarrerak inprimatzerik. Gainera, eremutik ateraz gero, ezingo da berriz sartu.

Pistako sarrera baduzu, sarbidea 20 eta 26. ateetatik egin beharko duzu. Beste guztiek, ostera, sarreran bertan agertzen den atetik.

Mugikortasun urriko pertsonek PMU sarrera izan beharko dute egokitutako guneetan sartzeko. Gurpil aulkiak, ibiltariak eta antzeko laguntza elementuak PMU sarrera balioduna duten pertsonek bakarrik sartu ahal izango dituzte. Irisgarritasunari edo mugikortasun urriari buruzko zalantzarik baduzu, jarri harremanetan antolakuntzarekin ekitaldia baino lehen: sarrerak@mitoaroa.eus.

Baimendutako eta debekatutako objektuak

Kontzertuko arduradunek jakitera eman dutenez, baimenduta daude gehienez 500 ml-ko plastikozko botila bigunak (tapoirik gabe), poltsa eta motxila txikiak, telefono mugikorra, kanpo bateriak, eguzkitako kremak (aerosol formatukoak izan ezik) eta sendagaiak (dagokioen dokumentazioarekin).

Honakoak dira debekatutako objektuak: beirazko botilak eta ontziak, latak, termo zurrunak, plastikozko botila zurrunak, kanpotik ekarritako edari alkoholdunak, legez kanpoko drogak, kamera profesionalak, objektu trukagarriak, tripodeak, selfie makilak, dronak, audio grabagailuak, laser erakusleak, soinu ekipo eramangarriak, maletak, tamaina handiko motxilak, moto kaskoak, aulki tolesgarriak, eguzkitakoak, hamakak, aterki handiak edo punta zorrotzekoak, edozein motatako armak, guraizeak, material piroteknikoa, aerosolak eta material sukoiak eta etxeko animaliak (gidari txakurrak izan ezik).

Janaria eta edaria

Estadio barruan zein kanpoaldean janari eta edari postuak egongo direla aurreratu dute ekitaldiko antolatzaileek.

Edalontzi berrerabilgarriak salduko dira, bi euroan, eta itzultzeko aukera izango da.

Ordainketak

Txartel bidezko ordainketa izango da MITOAROA IIIn edozer erosteko modurik zuzenena, eta kreditu zein zordunketa txartelak barra guztietan onartuko dira. Eskudiruz pagatu nahi izanez gero, aurrez QR txartel bat erosi beharko duzu, horretarako prestatutako karga guneetan. Kargak bost euroko multiploetan egin beharko dira, eta ekitaldia amaitzean QR txartelean dirua soberan geratzen bada, ez kezkatu. Dirua uztailaren 7a baino lehen itzultzeko konpromezua hartu du antolakuntzak.

Zeinu hizkuntza zerbitzua

Zeinu hizkuntzako interpretazio zerbitzua egongo da, Euskalgorrak erakundearekin elkarlanean. Honetarako, oholtzaren behe aldean, espazio berezi bat gaituko da erabiltzaileentzat eta zeinu hizkuntzaren interpretea ondo ikusi ahal izateko. 

Espazio hau entzumenaren galeradun edo entzumen desgaitasuna duten pertsonentzat eta zeinu hizkuntzaren erabiltzaileentzat pentsatuta dago.

Zerbitzu hori behar baduzu eta dagoeneko sarrera baduzu, jarri harremanetan (sarrerak@mitoaroa.eus korreora idatzita) antolakuntzarekin egokitutako gunean zure kokapena antolatzeko.

Puntu morea

Ekitaldi osoan zehar, Puntu Morea zerbitzua eskuragarri izango da. Txaleko morea daramaten langileek arreta eta laguntza eskainiko dute indarkeria edo eraso sexistaren bat gertatuz gero. 

MITOAROA IIIn ez da inolako erasorik onartuko. Kontzertuan zehar halakorik ikusiz gero, deitu +34 618208290 telefonora.

Gida honetan aipatu ez den gairen baten inguruko zalantzarik izanez gero, kontsultatu ZETAKen lantaldeak osatutako galdera eta erantzunen txostena.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X