Gazteak Musikaren Eguna ospatuko du Donostian, ekainaren 22an, 10 ordutik gorako kontzertu programazioarekin

Tabakaleran izango da hitzordua, goizean hasi eta gauera arte. Gorka Urbizu, IZARO, Olaia Inziarte, Zea Mays, TOC, Dupla, Merina Gris eta beste 18 artistak zuzenean joko dute. 

Kontzertuetarako gonbidapen guztiak agortuta daude dagoeneko, baina badaude sarrerarik gabe goza daitezkeen beste hamaika ekitaldi.

Gazteak Musikaren Eguna ospatzeko festa handia prestatu du, ekainaren 22rako. Donostiako Tabakaleran izango da, Musikaren Eguna 25 izenpean. Musikaren Europako Egunaren aitzakian, euskal musikariak omenduko ditugu, goizean hasi eta gauera arte luzatuko den kontzertu eta ekitaldi sortarekin. Gure sortzaileek azken urtean eman diguten guztiaz gozatzeko aukera izango da, udari ongietorria emango dion festa handian.

Gorka Urbizu, Olaia Inziarte, IZARO, Idoia, TOC, Zea Mays, Olatz Salvador, Janus Lester, Merina Gris, Bengo, Hofe, La Txama, Ezpalak, Dupla, Kiliki, EZEZEZ, Sukena eta Maskakek hogeita hamar minutuko zuzenekoak eskainiko dituzte, Tabakaleran zehar banatutako Patioa, Prisma, Kutxa Fundazioa Kluba eta Nabe 2 aretoetan. 

Aipatutako talde gehienek bandarekin joko duten arren, batzuek Musikaren Egunerako propio prestatutako akustikoa eskainiko dute. Azken urteetan Gazteako Maketa Lehiaketaren finalera iritsi diren taldeak ere bertan izango dira: Malko, Zilibito Records, Txopet eta Mikosis.

Gainera, DJentzat propio prestatutako Prisma oholtzan, maKeda, ALTA, Euskoprincess eta Lamia Mari arituko dira.

Bertaratzerik ez dutenek, kontzertuak streaming bidez jarraitzeko aukera izango dute, Gaztearen YouTubeko kanalean, webgunean eta Primeran plataforman.

Gonbidapenak

Minutu gutxian agortu dira Musikaren Eguneko zuzenekoetarako gonbidapen guztiak. 17:00etan hasita eta 20:00ak arte, ordu tartekako gonbidapenak ateratzen joan dira, eta sarrera guztiak di-da bukatu dira, eskuragarri jarri eta berehala.

Kontzertuetarako sarrerak bukatu diren aren, Prisma oholtzako zuzenekoetarako sarbidea librea izango da, aforoa bete arte. Bertan, klub atmosferan murgildu eta maKeda, ALTA, Euskoprincess eta Lamia Mari artisten zuzeneko eta DJ set-ez gozatzeko aukera izango da.

Musikaren Eguna 25 ordutegiak

Ekitaldi bereziak

Musika maratoiaz gain, hitzek ere garrantzia izango dute Musikaren Egunean. Ainhoa Vitoria eta Sara Alonso Gazteako esatariek “Bitan” saioaren azken atala Tabakaleratik egingo dute, zuzenean, 11:00etatik 13:00era.

Arratsaldean (15:00/17:00), Ibon Fernandez, Julen Telleria eta Alain Perez esatariek zuzeneko irratsaio berezia egingo dute, egunean zehar oholtzetatik igaroko diren artista gonbidatuekin. Bi saioak streaming bidez jarraitzeko aukera ere izango da, Gaztearen YouTubeko kanalean eta webgunean.

Saio bereziez gain, Musika Bulegoarekin antolatutako bi solasaldi egongo dira. Lehenengoan, Eneritz Furyak eta DJ Ines gorputza lehen lerroan jartzeaz arituko dira, Oihana Aranaren gidaritzapean. Bigarrenean, ostera, ‘Formatu handia vs. Formatu Txikia. Kontzertuak ikuspegi askotatik egiteko artea’ izango da gaia. Galder Beramendik gidatuta, gaiaz arituko dira Amaia Ispizua (GET in), Julen Caminos (Bidean Produkzioak) eta Dupla musikariak.

Bukatzeko, Tabakalerako Z Aretoan, 11:00etan hasita, musika urbanoarekin lotutako hainbat tailerretan parte hartzeko aukera izango da.

11:00 Beat Box: Orodreth

12:00 Hip Hop: La Basu

13:00 DJ: Sbans

14:00 Break Dance: Alba Montes

16:00 Break Dance: Alba Montes

17:00 DJ: Sbans

18:00 Hip Hop: La Basu

19:00 Beat Box: Orodreth

Geroko jaia, Dabadaban

Tabakalerako kontzertu eta ekitaldi guztiak bukatuta, Dabadaba aretoan jarraituko du festak, 22:00etan hasi eta 02:00ak arte. 

Gela eta Giiovaaz artisten musikarekin, goizaldean bukatuko dira Musikaren Eguneko ospakizunak. Festarako sarrera DICE plataforman izango da eskuragarri.

Gaztearen jarraipena, egun osoan zehar

Aipatutako ekimen bereziez gain, egun guztian zehar gertatzen ari dena jarraitzeko aukera izango da Gaztearen sare guztietan (YouTube, X, Instagram, TikTok eta webgunea).

Babesle eta laguntzaileak

Gazteak Kutxa Fundazioa, Musika Bulegoa, Tabakalera eta Dabadabarekin elkarlanean antolatu du Musikaren Eguna 25, Kutxabank, Gipuzkoa Kultura, Donostiako Udala, Gazteaukera eta IHOBE erakundeen babesarekin.