Bilbao BBK Liven galduko ez ditugun 10 kontzertu
Kobetamendin joko duten taldeen errepasoa eginda, ikusi nahi ditugun 10 zuzenekoen zerrenda osatu dugu Gaztean.
Must +Pro ekimenaren baitan, Julen Idigoras eta Ainhoa Vitoriak zuzeneko solasaldi berezia egin dute, Bilboko Sala BBKtik. Kiliki, Ane Garcia, ALAI, Ke Lepo, Ander Merino eta Janus Lester gonbidatu dituzte.
Ainhoa Vitoria eta Julen Idigoras “B Aldea”ko aurkezleek Bilboko Sala BBKra eraman dute saioa, Must +PRO ekimenaren programazioaren baitan. Aretoko oholtza gainean agertu dira bi esatariak, gonbidatuen hizketaldiez eta zuzeneko musikaz gozatu eta gozarazteko prest.
Solasaldia hasi orduko, Kiliki musikaria eta Ane Garcia Last Tourreko prentsa koordinatzailea gonbidatu dituzte oholtza gainera. PR edo prentsa arduradunaren figuraz aritu dira, baita artisten musika zabaltzeko estrategiez ere. Sare sozialak ere atera dira mahai gainera, artistaren adinaren araberako tresna gisa. Izan ere, Internetekin jaio diren musikarien kasuan, askatasun handiagoa ematen zaiela argitu dute. Profil sozialean sakonduta, benetakotasunaren bilaketaz hausnartu dute gonbidatuek.
Artistaren proiektuen hedapen prozesuaz eta hedabideei kantak saltzeko estrategiez ere aritu dira gonbidatuak. Musikari bakoitza mundu bat dela azaldu du Garciak; Kilikiren kasuan, abestiek diskurtso nahikoa dutenez, narratiba eraikitzeko beharrik izaten ez dutela argitu du.
Lehen solasaldia bukatzeko, musikaren atzean dauden langileen arteko genero arrakala aipatu dute. Bada, Ane Garciak azaldu duenez, PR lanetan aritzen diren langileen gehiengoa emakumeak dira. Postu teknikoagoetan (produkzioan, goi mailako ardura postuetan…), ostera, gizonak dira gehiengoa.
Alai Ormazabal (ALAI) eta Alejo Orbegozo (Ke Lepo) ekoizleak izan dira solasaldiko bigarren gonbidatuak. Gero eta indar handiagoa hartu duen produktorearen rolaz galdetu diete Julen Idigoras eta Ainhoa Vitoriak.
Ekoizlearen etiketarekin gustura sentitzen ote diren galdetuta, baietz erabaki dute biek, aho batez. Hala ere, beste artista batentzat ekoizten dutenean, bidelagun sentitzen direla azaldu dute biek. Artistei laguntzen eta hartu nahi dituzten bideetan gidari lanak egiten dituzte ALAI eta Ke Lepok. Besteentzako soilik ez eta euren musika propia sortzen urteak daramatzate bi artistak. Produkzioaren munduan murgildu zen unea ekarri du gogora ALAIk: “Ekoizpena ikasi nuen nire musikaren kontrol kreatibo propia izateko, nik hartu nahi nituen nire sonoridadearen inguruko erabakiak”.
Artistekin duten harremanaren gaira itzulita, ‘remix’ eta ‘featuring’aren arteko aldea izan dute hizpide. Ke Leporen kasuan, ‘remix’ik egiten ez duela aitortu du: “Normalean artistak lan handia hartu du dagoeneko eta ez diot zentzu handirik ikusten”. ALAIk, ostera, oso gustura berrinterpretatzen ditu besteen kantak, eta oso ondo pasatzen duela azpimarratu du.
Saioa bukatzeko, Jokin Pinatxo Janus Lesterreko burua eta GinMusicako Ander Merino hartu dituzte “B Aldeako” aurkezleek.
Produkzioa eta managemenetaren arteko aldea azaltzeko eskatu diote Ander Merinori. Honen hitzetan, produkzioan lanean ari den pertsona lantaldean erabakitzen den guztia aurrera eramateko arduraduna da, logistikaren erantzule nagusia.
Managerra, ostera, artista edo taldea batek eskaintzeko duena entzun, epe bat ezarri eta helburu hori gauzatzen laguntzen duen pertsona da.
Manager eta artistaren arteko harremanaz galdetuta, managerra “ziklo toxikoetatik ateratzeko balio duen ezinbesteko figura” dela adierazi du Pinatxok. Honen ustez, publikoaren babesa gorabeheratsua izaten denetan, “grisetan bizi den norbait” da managerra.
Lanari lotutako gaiez gain, artista eta managerraren artean sortzen den sinbiosi emozionalaz ere aritu dira bi gonbidatuak. Ordu txikitan iristen diren mezuak, lanetik kanpoko erabakiak eta kezka pertsonalak kudeatzeko dituzten estrategiez aritu dira.
Solasaldiari amaiera borobila emateko, Janus Lesterrek bi kanta jo ditu zuzenean.
Kobetamendin joko duten taldeen errepasoa eginda, ikusi nahi ditugun 10 zuzenekoen zerrenda osatu dugu Gaztean.
Ekainaren 19 eta 20an, Bilboko San Mames estadioak ZETAKen ‘MITOAROA III’ ikuskizuna hartuko du. Bertaratu aurretik, zaleek jakin beharreko informazio interesgarria bildu dugu Gaztean.
Biarritzeko Atabalen izango da aurtengo gala. Bertan, Euskal Herrian sortutako musika omenduko dute, sari banaketa eta zuzeneko emanaldiak tarteko.
Podcast Geltokia jaialdiaren programazioaren baitan, Gaztearen podcasteko aurkezleek Iker Iribarren, Ana Goitia eta Ane Acedo gonbidatuak hartuko dituzte. 19:00etan izango da, Tabakalerako 1. aretoan.
Ostiral arratsaldean, Ibon Fernandez eta Leire Arrojeriak “GU” saio berezia egin zuten Mendizabalatik. Larunbatean, Ainhoa Vitoria eta Liher Larrañagak hartuko diete lekukoa.
Bilbon egingo dute Musikarien Topagune Profesionalaren bigarren edizioa. Gazteak saio berezia egingo du bertatik, Julen Idigoras eta Ainhoa Vitoriarekin.
Apirilaren 24an, 17:00etatik aurrera, Ibon Fernandez eta Alain Perezek saio berezia egingo dute EHUko Gipuzkoako Campusetik.
Korrikaren ekuatorea zuzenean bizitzeko aukera izango duzue, Donostiako Bulebarretik egingo dugun “Dida!” saio bereziari esker.
Donostiako Tabakaleran izango da, martxoaren 28an. Leire Arrojeria Gazteako esatariak nafar musikaria elkarrizketatuko du, bere disko berriaren aitzakian.