Shinova taldeak Bilbao Basketen ereserkia sortu du
Shinova taldeak Bilbao Basket saskibaloi taldearen ereserkia sortu du. “Sua gara” izenpean, marea beltzaren zaleen grina islatzen saiatu da Berrizeko banda. Asteon aurkeztu dute abestia, Iker Iturriak zuzendutako bideoklip ikusgarriarekin batera.
Saskibaloi taldeko zuzendaritzak adierazi duenez, aspaldiko behar bati erantzuten dio Shinovaren ereserkiak: “Garenari musika jartzea beti egon da geure buruetan, baina ez genuen artifiziala zen zeozer sortu nahi. Benetako ereserki bat nahi genuen, gure nortasunarekin bat egiten duena, gure baloreekin bat egiten duena. Bilboren mailan dagoen abesti bat. Gure iragana, gure oraina eta gure etorkizunerako abesti bat”.
“Sua gara” sortzeko orduan, zaleek aho batez kantatzeko moduko abestia lortu nahi zutela azaldu dute Shinovako kideek. Letra eta melodia indartsuaz gain, soinuari dagokionez, elementu tradizionalak (trikitixa eta alboka) eta garaikideagoak (sintetizadoreak) uztartu dituzte.
Hitzetarako Jon Garcia GAR proiektuko burua izan dute bidelagun. Iazko Gaztea Maketa Lehiaketako irabazleak gaztelaniaz idatzitako ideia originala euskaratu du, “itzulpen bat baino askoz gehiago” eginez.
Abestiaren bideokliparen aurkezpen ekitaldian azaldu dutenez, ereserkiaren eta bideokliparen arteko harremana sinbiotikoa izan da. Hala, Miribillan, Pagasarri mendian eta Bilboko Alde Zaharrean grabatutako irudi epikoak ikusita, kantan aldaketa txiki batzuk egin zituztela kontatu dute Shinovako kideek.