GAR taldeak irabazi du 2025eko Maketa Lehiaketa

Aurtengo lau finalistek Jimmy Jazz aretoa dantzan jarri dute. zeatikez donostiarrek eraman dute Entzuleen Saria, Gazteako ikus-entzuleek bozketa bidez hala erabakita. Gaueko hirugarren saria, Harrobia saria, BARRRK bandak eraman du.
GAR

Neguaren iritsiera bortitzarekin batera ekin diogu Maketa Lehiaketaren final handiari, Gasteizko Jimmy Jazzen.

Elur arriskuari, zuzeneko musikaren epela. Ainhoa Vitoria Maketa Lehiaketako finalaren aurkezlea oholtzan agertu denerako jendez beteta dago aretoa. BARRRK, zeatikez, GAR eta Marmitako Trap Bandaren zale, sendi eta lagunek ezin zuten huts egin.

Zeatikez eta lehen aldien magia

Zeatikez donostiarrei egokitu zaie gaua irekitzeko txanda, eta seikotea energiaz blai igo da Jimmy Jazzeko oholtzara. Bi gitarra, pianoa, baxua, bateria, tronpeta eta sintetizadorearekin agertu dira taula gainera. Introa jota, bost kantako setlistarekin, denetariko uneak eskaini dituzte. Goxo hasi da zuzenekoa, eta bukaerarako sorpresa txiki bat prestatu dutela esanda, sintetizatzailea hartu eta eta "ispilu aurrean" kantaren bertsio dantzagarria abestu dute. 

"Serio jotzen dugun lehen kontzertua da", azaldu du Mirian abeslari nagusiak. Kontzertua bukatuta, SÜNE epaimahaikideen zorion mezua jaso dute. Oholtzatik jaitsi aurretik, une xamur bat oparitu digu donostiar banda gazteak: taldekideetako batek aita zoriondu du taula gainetik, eta Jimmy Jazzeko publiko guztiak "Zorionak" abestu dio.

Trap banda bat baino askoz gehiago

Estiloz erabat aldatuta, Marmitako Trap Banda bizkaitarrek hartu dute lekukoa. Gazteako “GU” saioan aurreratu zuten moduan, taldearen arma sekretua, “palotxiruloa” atera dute bigarren kantan. Honen atzetik, urduliztar kolektiboaren doinu urbanoetan murgildu da aretoa. Ongi pasatzeko atera dira agertokira, eta giro ona pistara heltzera lortu dute. 

Zuzenekoa bukatuta, Ibon Fernandez, Jon Basaguren eta SÜNEk osatutako epaimahaiak bandako kideak zoriondu ditu, eskaini duten kontzertu dibertigarriagatik. Agurtu aurretik, oso musikari onak direla gaineratu dute.

GARen bigarren kontzertu gogoangarria

GAR taldeko kideak aurkeztuta, durangar bandaren bigarren kontzertuaren lekuko izateko prestatu gara. 

Jon Garcia, Liher Granados, Asier Ardanza eta Martzel Vargasek osatutako taldeak "Ametsa" kantarekin hasi dute zuzenekoa. Pop rockaren bidetik eta gitarra riffak nagusi, energiaz beteriko kontzertu borobila eman dute. Hitz bera (borobila) erabili dute Ibon Fernandez eta Jon Basaguren epaimahaikideek GARek Maketa Lehiaketara aurkeztu zituen hiru kantak definitzeko. Horien artean, "Ilargi gorriak" deiturikoa goraipatu du epaimahaiak.

zeatikez

BARRRK

BARRRKen zaunka

BARRRK laukoak eskaini du gaueko azken zuzenekoa. Finalerako helburu bikoitza zuen taldeak: disfrutatzea eta publikoa dantzan jartzea. Esan eta egin. Kontzertuko lehen notak jo bezain laster, Yasmin, Josu, Ruben eta Brunok konexio berezia lortu dute publikoarekin. Bi gitarra, baxua, bateria, panderetak eta Yasmin abeslariaren indar paregabeak koktel perfektua osatu dute. 

Epaimahaiak asko disfrutatu du emankizuna, eta euskarazko kanta gehiago entzun nahiko lituzkeela gaineratu du SÜNEk. Jon Basagurenek, ostera, "Courtney Barnett eta Joy Divisionen arteko nahasketa" gisa definitu du taldearen nortasuna.

Sari banaketa

Lau zuzenekoak entzunda, epaimahaiak bere tokia utzi eta erabakia hartzeko tartea hartu du. Hamar minuturen bueltan, Ainhoa Vitoriak hitza eman eta gaueko une garrantzitsuenari ekin diote. 

Aurretik jakina zen garaikurra, Entzuleen Saria, izan da gaueko lehena. Bozketa fasean boto gehien eskuratu dituen finalistak, zeatikezek, jaso du 2500 euroko txekea.

Oso Polita disko etxearen Harrobia Saria, ostera, BARRRK laudiotarrek eraman dute. Hala, lau kantako EPa grabatzeko aukera izango dute.

Azkenik, iritsi da epaimahaiaren ahotsa entzuteko unea. Inoiz baino zailagoa izan dela azpimarratuta, GAR durangar bandeari eman diote gaueko sari nagusia: 5000 euroko txekea eta 2026ko Bilbao BBK Liven jotzeko aukera. Publiko artean zeuden lagunak besarkatu ostean, hunkituta igo dira agertokira.

zeatikez
gar

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X