Iñigo ETS, ‘KONKISTA’ren aurkezpenaz: “Abesti guztiak azalduko ditugu, diskoaren ikus-entzunezkoak erakutsiko ditugu eta sorpresaren bat ere egongo da”
ETSko Iñigo Etxezarreta “GU” saioan izan da, KONKISTA diskoa kaleratuko dutela iragarri eta ordu gutxira.
Bizi dugun kontraesanez beteriko errealitatearen antzekoa izango da diskoa, Etxezarretaren hitzetan. Emozio mingarriei atea ireki die arabar artistak, eta ospatzeko kantak ere aurkituko ditugula aurreratu digu.
BECen emandako kontzertu erraldoiaren ostean, Iekorara itzuli eta egiten ari denaz hausnartzen aritu da Iñigo. Norabidea galdu ostean, bere buruarekin berriz konektatzea lortu duela kontatu digu, eta hori dela beretzat KONKISTA. Lan berrian aurkituko ditugun estiloez galdetuta, poparen ildotik atera gabe, euren musika muturrera eraman dutela aurreratu digu: bachata bat (Kolonbiako musikariekin grabatutakoa) eta afrobeat kutsuko abesti bat izango ditugu entzungai, besteak beste.
Irudiari dagokionez, Iekora oso presente egongo dela kontatu digu musikariak. Diskoko abesti guztiek bideo bat izango dute, eta denak sorterrian grabatu dituzte. KONKISTA azaroaren 30ean aurkeztuko dute jendaurrean, entzunaldi festa batean, Gasteizeko Buesa Arenan.