Marenek ‘Ahaztu baino lehen’ diskoa ekarri digu: “Oso nostalgikoa naiz, larregi”
Marenek Ahaztu baino lehen diskoa aurkeztu digu “GU” saioan. Urtebeteko lanaren ostean kaleratu du mimoz eta “inoiz ez ahazteko asmoz” bildutako abesti sorta.
Abestiak konposatzeaz gain, ekoizle lanetan aritu da Maren, Joan Isernekin batera. Gonbidatuak azaldu digunez, Joanek behar zuen “pop ukitua” eman dio diskoari. Gainera, estudioan sortutako lan bat dela kontatu digu: maketarik gabe, estudioan zuzenean grabatu eta emaitzak “garbitu” dituzte. Gaiei eta hizkuntza hautuari dagokienez, lan intimoa dela dio Marenek. Euskaraz sortu eta kantatzeko gogoa zuen artistak, baita betirako gorde nahi dituen ideia eta sentimenduak disko bihurtzeko ere.
Bitxikeria gisa, “Gallo rojo” abestian bere aitonaren ahotsa entzun dezakegula kontatu digu Marenek. “Oso kantaria da, eta nirekin abesteko gogoa zuen”, azaldu digu: “Oso momentu hunkigarria izan zen, aitona oso sentikorra da eta asko emozionatu zen”.
Datozen egunetan gurekin izango da Maren, aurtengo Maketa Lehiaketako epaimahaikidea baita. Kantariarekin batera, Julen Idigoras Gazteako esatariak eta Duplako Garik osatuko dute aurtengo finaleko epaimahaia.