Olivia Rodrigok 20 milioi dolar bildu ditu, emakume hutsez osaturiko kartelarekin, Daisy Chain Fields jaialdi solidarioaren lehen edizioan

Doechii, Chappel Roan, Katseye, Mitski eta Bikini Killek jo dute Californian egin berri den festibalean. Eskuratutako irabaziak emakumeen eskubideen alde lan egiten duten erakundeentzat izango dira.
Iragarkia
18:00 - 20:00

Olivia Rodrigok sortutako Daisy Chains Fields jaialdi solidarioak 20 milioi dolar bildu ditu asteburuan, Kalifornian (AEB). Ekainean izan genuen jaialdiaren berri, emakume hutsez osaturiko kartelaren iragarpenarekin. Bi hilabete geroago, iritsi da hitzordua, eta jaialdiko tiketa eskuratu zuten 45.000 lagunek Doechii, Chappel Roan, Katseye, Mitski eta Bikini Kill zuzenean ikusteko aukera izan dute larunbat honetan.

Ainhoa Arroitajauregik "Dida Fresh"en kontatu digunez, Die Spitz, Garbage, Not For Radio, Rachel Chinouriri eta The Breeders artistek ere zuzeneko ikusgarriak eskaini dituzte, adin eta gustu guztiei egokitutako eguneko programazioaren baitan.

 

Olivia Rodrigo bera ere igo da Daisy Chains Fields jaialdiko oholtza nagusira, kaleratu berri duen You Seem Pretty Sad for a Girl So in Love diskoko kantak zuzenean aurkezteko. Gainera, bere haurtzaro eta nerabezaroko idoloekin partekatu du eszenatokia. Besteak beste, Rodrigoren kontzertuaren baitan, Alanis Morissette eta Stevie Nicks (Fleetwood Mac) musikari entzutetsuak gonbidatu ditu taula gainera.

Sarrerekin (30 minutuan agortu ziren) eta jaialdian zehar bildutako diru guztiarekin, Rodrigok emakumeen eskubideen alde lan egiten duten erakundeei donazio bat egingo die. Abeslariak berak aurkezpenean azaldu zuenez, ugalketa eskubideen, indarkeria matxistaren biktimen eta emakumeen osasun eskubideen alde lan egiten duten hamar bat irabazi asmorik gabeko elkartek eramango dituzte eskuratutako 20 milioi dolarrak.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X