Robe Iniesta, lau hamarkadaz Extremoduroko abeslaria izandakoa, gaur zendu da. Goizeko lehen orduan “Dida!” saioan kontatu dizuegunez, 63 urte zituela hil da Extremadurako musikaria.
Artistak (azken urteetan Bizkaian bizi zen) duela urtebete utzi zituen agertokiak, osasun arazoengatik Madrilen eman behar zituen azken kontzertuak bertan behera utzi ondoren.
Extremoduro laurogeiko hamarkadaren amaieran sortu zen, eta Estatuko rockean eragin handia izan zuen. Iniesta erreferente kultural bihurtu zuen. “Gaur, azken filosofo handia agurtu dugu, azken humanista handi eta hispaniar hizkuntzaren letra gizona, eta belaunaldi bat baino gehiago dardararazi dituen melodien abeslaria”, azaldu du musikariaren agentziak “gure bizitzako oharrik tristeena” dela zehaztu duen testuan.
Musikariaren bizitza omentzeko Extremoduroren abesti kutunen bilduma egin digu Andrea Aranburuk.