MITOAROA: Nafarroa Arena betea, Vendettaren itzulera eta emozioz beteriko bi gau

ZETAK bandak Nafarroa Arena bete du urtarrilaren 3an eta 4an, MITOAROA ikuskizunean 30.000 lagun bilduta. Bandako ohiko kideez eta gure mitologiako izakiez gain, gonbidatu bereziak izan dituzte: Erramun Martikorena, Neomak, Maixux Zugarramurdi, Jagoba Arrasate...

MITOAROA, ZETAK

15.000 pertsonaren babespean, Klara Mendizabal sopranoa eszenatokian zela hasi zen MITOAROA ikuskizuna. Reparaz harengana hurbildu eta gortina atzera igaro ondoren, ikusleak zur eta lur utzi zituen urez betetako kristalezko ontzi baten barrutik kantatzen agertu zenean, “Zu” kanta abesteko.

Askok euskal musika garaikidearen historian ikusi den erakustaldirik ikusgarriena bezala definitu duten showean, AAZTIYEN diskoko kantak eta ZETAKen ibilbidean mugarria izan diren beste hainbat abesti kantatu zituen Pello Reparazek, atalka antolatutako ikuskizunean.

Kontzertuak aurrera egin ahala iritsi ziren Altsasuko momoxorroak, Tuterako zipoteroak, Iturengo joaldunak, Kukai Dantzako dantzariak eta gaueko unerik hunkigarrienetako bat: Vendettako kideen itzulera. Reparazen taldekide ohiak oholtzara igo eta “Begitara begira” klasikoa abestu zuten, zale nostalgikoenen zoramenerako.

Gero etorri ziren Neomak, “ARALARKO DAMA” kantatu eta publikoa hankaz gora jartzeko. Berehala iritsi zen gaueko bigarren une zirraragarria: Erramun Martikorena igo zen oholtzara, eta “Itzulera” kantatu ostean, Nafarroa Arenako zalegoa negar batean utzi zuen “Xalbadorren heriotza”rekin animatu zen nafar abeslaria, Reparazen besotik helduta.

Jarraian, gaueko lehen hitzak esan zituen ZETAKen abeslariak. Erramunen lana eskertzeaz gain, euskararen aldeko aldarria egin zuen: “Euskaldunoi, eskerrik asko proiektura euskaraz hurbiltzearren, bihotzez, zuek zarete guzti honen ardatza. Ez gara gutxi, jarrai dezagun hizkuntza hau sustatzen eta erabiltzen”. Gainera, MITOAROA ETB2n emititzearen garrantzia azpimarratu zuen, eta euskaraz ez dakitenei AEK bidez euskara ikasteko gonbidapena bota zien musikari nafarrak.

Kontzertuaren azken minutuetan, publiko artera jaitsi zen Pello, zaleen artean “DESKONTROLA” abesteko. MITOAROAn parte hartu duten eragile guztiak aipatuta, azken ezusteko batekin harritu zuten Nafarroa Arena: Jagoba Arrasate futbol entrenatzaileak Nafarroa eta euskararen aldeko bertsoa bota zuen.

ZETAKen hurrengo hitzordu gogoangarria: hitzordu hirukoitza, Donostian

Zuzenekoa bukatu bezain pronto, ZETAKen hurrengo data handia iragarri zuen bandak: irailaren 6an, AAZTIYEN biraren amaiera egingo dute Ilunben (Donostiako zezen plaza).

Sare sozialetan iragarri dutenez, “iraganetik etorkizunerako saltoan, mugarri berria ezarriko duen eguna” eta “inoiz sentitu gabeko energia metaketa errepikaezina” izango da bertan biziko duguna. Pello Reparazek azaldu duenez, Donostian ikusiko dena ez da MITOAROAn ikusi duguna, baina “inoiz ikusi gabekoen gaua” izango dela aurreratu du dagoeneko.

Salmenta irekita, tiketak ziztu bizian saldu eta bezperan (irailak 5) ere Ilunben arituko direla iragarri dute.

Ordu bete beranduago, bigarren hitzordurako sarrera guztiak saldu ditu nafar bandak. Eta hirugarren bat egingo dutela iragarri dute: irailaren 7a.

Sarrerak salgai daude dagoeneko, hemen.