Gazteak Must +Pro jaialdiarekin egingo du bat, maiatzaren 14an, Bilboko Sala BBKn

Bilbon egingo dute Musikarien Topagune Profesionalaren bigarren edizioa. Gazteak saio berezia egingo du bertatik, Julen Idigoras eta Ainhoa Vitoriarekin.
Must +Pro

Must +Pro ekimena, Musikarien Topagune Profesionala, Bilbora iritsiko da maiatzaren 13tik 14ra. Musika Bulegoak antolatuta, musikariei eta industriako beste hainbat profesionalei bideratutako solasaldiak, hitzaldiak, aurkezpenak eta zuzeneko emankizunak ikusi eta entzuteko aukera izango da. Topaketa profesionalak EHUren Bizkaia Aretoan egingo dira, eta programazioa Sala BBK eta Bilborock aretoetara zabalduko da.

Gaztearen saioa berezia, hainbat gonbidaturekin

Julen Idigoras eta Ainhoa Vitoriak ‘B Aldea Solasaldiak’ izeneko saio berezia egingo dute maiatzaren 14an, Sala BBK aretoan. Must +Proren programazioaren baitan, musikaren industriako hainbat langile elkarrizketatuko dituzte, proiektuen atzean dagoen horretan sakontzeko.

Binaka antolatu dituzte saio berezian zehar izango dituzten hizketaldiak: Janus Lesterreko Jokin Pinatxo musikaria eta Gin Musicako Ander Merino, Kiliki musikaria eta Last Tourreko Ane Garcia Last Tourreko eta ALAI eta Ke Lepo ekoizleak. Saioa 19:30ean hasiko da (ateak, 19:00etan) eta sarrera librea izango da, aretoa bete arte. Gainera, Janus Lesterrek zuzenean joko du.

Bertaratzerik ez dutenek, saioa streaming bidez jarraitzeko aukera izango dute, Gaztearen YouTubeko kanalean, webgunean eta GUAU plataforman.

Hitzaldiak, solasaldiak eta kontzertuak

Bertan bilduko diren profesionalek kontzertuen programazioaz, musikarien osasun mentalaz, industriaren atzean dagoenaz, estrategia digitalez eta euskal musikaren eszenaz arituko dira, besteak beste.

Gainera, topaketen aitzakian, gure artisten zuzenekoak izango dira Bilborocken. Heitxi, Julie, Supercremalleras, Caballos Yonkis, Bea Asurmendi, Haize Arrosa, Olivia Orell eta Maloa Brothers zuzenean eta doan ikusteko aukera izango da.

Gainera, profesional eta programatzaileei eskainitako emankizun bereziak (publiko orokorrak ez du sartzerik izango) ere izango dira: Xabi Aburruzaga, YKO Project, BARRRK, Mugarri, Eder Portolés, Xsakara, Del Val eta Aimarzen kontzertu laburrak.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X