Alfonbra gorriak, gorputz argalagoak eta 'body positive'aren amaiera

Ariana Granderen inguruko azken berriek eztabaida piztu dute sare sozialetan. Floridar artistak geldialdi bat iragarri du, bere azken diskoa kaleratu eta ordu gutxira. Musikariaren agenteek artistak jasaten dituen etengabeko iruzkin eta epaiak salatu dituzte.

Ariana Granderen jendaurreko azken agerpenen harira, erreferentetzat ditugun gorputzen argaltasunaren inguruko eztabaida piztu da sare sozialetan. Mehetzea eragiten duten botiken, fitnessaren eta dieten kulturaren gorakadaren baitan, fenomeno horiek dituzten arriskuak azpimarratu dituzte bai osasunaren arloko profesionalek baita entretenimenduan lan egiten duten pertsonek.

Petal izeneko estudioko zortzigarren diskoa kaleratu ostean, Ariana Grande estatubatuar musikari eta aktoreak geldialdi bat egingo duela iragarri du. People aldizkarian kaleratutako oharrean, musikarien agenteek azaldu dute “denbora batez, Ariana bizitza publikotik aldendu”ko dela, Eternal Sunshine Tour (aurreko diskoaren aurkezpen bira) bukatutakoan. Musikariaren azken agerpen publikoek eragin duten iritzi eta epai zaparradaren ostean, Grandek “merezitako atsedena” hartuko duela iragarri dute lantaldeko kideek. Hala, bertan behera geldituko da ‘Sunday In The Park With George’, Ariana Grandek Jonathan Baileyrekin egin behar zuen musikala.

Musikariaren lantaldeak azpimarratutako “etengabeko iritzi eta epai” gehienak honen gorputzaren ingurukoak dira. Azken urteetan, Wicked filmaren aurkezpen biraz geroztik, kantariaren argaltasunaren inguruko eztabaida piztu da sare sozialetan. “Petal” izeneko single berria kaleratu ostean, eztabaidak indar berezia hartu du. Izan ere, kantaren bideoklipean, bere irudia eta erakargarritasuna zalantzan jarri ostean, mendekua hartzen duen protagonista baita Grande.

Artistak, bere aldetik, epaitzen ditugun pertsona horien bizitzetan gertatzen dena jakin gabe gorputzei buruz ez hitz egiteko eskatu zuen, eta zaleek “osasungarritzat” zuten aurreko aroa bere bizitzako unerik latzenetako bat zela aitortu zuen 2025ean.

'petal' abestiaren bideoklipa

Argaltasuna, inoiz baino azkarrago

Pop izarraren azpen agerpenek eragindako zalaparta emakumeen gorputzak eta argaltasuna lehenengo lerroan jarri dituen joera batekin batera iritsi da: argaltzea eragiten duten botiken erabileraren gorakada. Izan ere, gero eta ohikoak dira GLP-1 osagaia duten botikekin (Ozempic, Wegoby, Mounjaro…) kilo asko mehetzea lortu duten musikari, aktore eta pertsona ezezagunen testigantzak. Aipatutako sendagaiak odolean dagoen glukosa kontrolatzeko sortu ziren, 2 motako diabetesa zuten gaixoentzat. Argaltzea botikaren albo ondorioetako bat zela ikusita, medikuak obesitatea tratatzeko erabiltzen hasi ziren. Denbora gutxiren bueltan, azkar argaltzeko tresna gisa egin da ezagun, eta propaganda horren baitan merkaturatzen hasi da.

AEBetan sumatu dute sendagaiaren erabilpenik hedatuena. Europan bezala, bertan ere errezeta bidezko botikak dira aipatutako guztiak, baina estatubatuar osasun sistema pribatizatua tarteko, online kontsulta bidez eskuratzeko aukera dute ordaintzeko prest daudenek.

Produktu berria den aldetik, ez dago epe luzerako efektuen inguruko informazio gehiegi. Hala ere, OMEk (Osasunaren Mundu Erakundea) ohartarazi du sendagaiaren erabilpena bizi estilo osasungarri batekin ez bateratzeak “errebote efektua” sortzen duela. Gainera, epe luzera, arriskuak (behazunean, pankrean eta giltzurrunetan, batik bat) sor ditzakeela azaldu du.

Erreferenteen mezuak eta elikadura nahasmenduak

Azken hiru urteetan, Amy Schumer aktoreak, Elon Musk magnateak eta Oprah Winfrey aurkezleak, adibidez, GLP-1 oinarri duten produktuekin argaldu direla aitortu dute. Gainera, alfonbra gorriak gorputz aldaketa bortitzak izan dituzten aktore, musikari eta aurpegi ezagunez bete direla salatu dute hainbat ekintzailek. Tartean, Chloe Wallace espainiar zinegile eta gidoigilea. Wallacek gorputz meheen agerpen masiboak “lokartua” zuen elikadura nahasmendua piztu diola salatu zuen sare sozialetan biral egin zen hausnarketan.

Instagramen partekatutako testuan, honakoa irakur daiteke: “Hau ez zegoen gaindituta dagoeneko? Gorputzak osasuntsuak, indartsuak, hainbat formatakoak ziren. Moda bera eta helmuga beste batzuk ziren. Uste nuen nahikoa zela, eta hemen nago berriz, lehen lerroa betetzen duten eskeletoen aurrean, eta mundu guztia txaloka, inork ez du ezer esaten. Zergatik ez du inork ezer esaten?”.

Feminismoak azken urteetan bultzatutako gorputz guztien onartzearen aldeko mezuaren eta bere sentipen propioaren arteko talkaz ere ari da artista: “Ikasi dugu ez dugula besteen gorputzen inguruan hitz egin behar. Badakit, nik ere esaten dut. Altuan esan dut oso zuzenena eta oso feminista sentitzen nintzen espazioetan. Baina zer gertatzen da gorputz hori gaixorik dagoenean? Txalotzen dugun hori berrerortze bat denean? 15 urteko neskak etxetik begira daudenean eta ikusten duten hori lortu, desio eta bilatu behar dutena dela sentitzen dutenean?”.

Dietaren kultura

Argaltzeko tratamenduez gain, osasun langileak arduratuta daude nutrizioarekin eta kirolarekin zerikusia duten sare sozialetako bideoen mezuekin. Bada, gazteen algoritmoetan, gero eta ohikoagoak dira elikadurarekin obsesionatzera eramaten dituzten nutrizioarekin lotutako bideoak (oinarri zientifikorik gabekoak, askotan).

Gorputz osasuntsuez ari garenean zertaz ari garen erantzuteko lana hartu dute hainbat profesionalek, tartean, Gabriela Uriarte donostiar dietista-nutrizionista eta dibulgatzaileak. Honen hitzetan, egungo gizarteak argala eta osasuntsua sinonimo gisa erabiltzen ditu, funts zientifikorik gabe. Besteak beste, dieten kulturak gure gorputzetan eta osasun mentalean dituen ondorioez hausnartzen ikusi dugu Uriarte: “Dietaren kulturak esaten digu gorputzen jerarkia bat dagoela, eta gorputz batzuk beste batzuk baino hobeak direla”.

 

Feminismoa, “body positive” mugimendua eta argaltasunaren gorazarrea

2010eko hamarkadan, gorputz mota guztiak bizigarriak, gozagarriak eta erakusgarriak direla aldarrikatzeko esfortzu berezia egin zuten mundu mailako mugimendu feministek. 

Hala, sare sozialetan, modan eta eguneroko elkarrizketetan txertatu genituen “body positive” hitzak. Hamar urte geroago, arautik kanpoko gorputzen aldeko aldarrikapenek indarra galdu dutela uste dute hainbat feministek.

Egun, emakumeen gorputzen inguruko iruzkinak egiteak eragiten dituen kalteen eta isiltasunak ekar dezakeen argaltasunaren apologiaren arteko mugaz ari dira hainbat kazetari eta dibulgatzaile. 

Izan ere, aurpegi ezagunen gorputz meheez hitz egiteabody shaming”a (norbait bere gorputzagatik iraintzea) egitea dela diote batzuek. Beste askorentzat, ordea, fokua duten horien itxurak kanona osatzen duten aldetik, gertatzen ari dena salatzeko beharra sentitu dute, urteetan zehar irabazitako borroketan atzera egitea ekiditeko.

Gaiaren inguruan hausnartu duten hainbat feministen ustez, emakumeen gorputzak kritikatu beharrean, sisteman jarri behar da fokua. Horrela azaldu du Wallacek, aurretik aipatutako testuan: “Ez ditut emakumeak seinalatu nahi, sistema baizik. Feminismoa ez da emakumeen itxura kosta ahala kosta babestea, gorputzen gainetik dauden egiturak izendatzea baizik. Epidemia baten aurrean isiltzea ez da sororitatea, sistemak aurrera egiten jarraitzeko behar duena egitea da”.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X