Sareetan ikusia: La M.O.D.A.-k SÜNE fitxatu du, Gorka Urbizuren esker oneko mezua eta Nueva Línea taldearen agerpen birala
Gure artisten mezu pozgarriekin abiatu dugu 2026a. Urteko zazpigarren egunean, kolaborazio bitxi baten berri izan dugu Gaztean: SÜNEk La M.O.D.A. taldearekin joko du Burgosko taldearen birako bost kontzertutan, bandako akordeoi jolearen ordez.
Honek izan dituen familia arazoak tarteko, ezin izango du bere bandarekin joan, eta SÜNEk ordezkatuko du, trikitixa eta ahotsetan.
Gorka Urbizuren hausnarketa
Beste alde batetik, urte zaharra atzean utzita, Gorka Urbizuk 2025eko errepasoa egin du bere Instagram profilean. Iaz kontzertuetara joan eta bere musika entzun duten zaleei eskerrak eman dizkie, baita bere lantaldeko eta bandako profesional guztiei ere.
Udako egun batzuk Abbey Roaden igaro ostean, Urbizuk bi EP kaleratu ditu 2025an. Bigarrena, Bakan II, Gazteak antolatutako aurkezpen berezian entzun genuen estreinakoz.
Gainera, nafar artistak Quique Gonzalez, Merina Gris, Alos Quartet, Depedro eta Ene Kantakekin egindako elkarlanak entzuteko aukera izan dugu.
Nueva Línea, Tenerifeko herrietako jaietatik mundura
Urtea hasi zenetik TikToken sartu bazara Nueva Línea taldearen hitetako bat entzun duzu.
Tenerifeko orkestra hau osatzen duten lau gazteen musika biral bihurtu da aurten, eta azken hilabeteetan 40 milioi ikustalditik gorako bideoak eta 700.000 jarraitzailetik gora pilatu ditu TikToken.
“Una noche de copas” izeneko abestiaren bertsio gaurkotuak piztu zuen fenomeno honen lehen txinparta, eta ordutik “Un beso” edo “Si antes te hubiera conocido” abestien bertsioek eta koreografiek sekulako oihartzuna izan dute sare sozialetan.
Nueva Línea orkestra Arafon (Tenerife) jaio zen, duela 30 urte. Ordutik, Tenerife eta inguruetako jaiak alaitu dituzte.
Gaur egungo formazioa 18 eta 24 urte bitarteko Sofía, Raquel, Maite eta Aliciak osatzen dute.
2000ko nostalgia bonba: Ke$ha eta Florida elkarrekin
17 urte igaro ostean, Ke$ha eta Floridak “Right Round” hit ezaguna abestu dute elkarrekin, Kesharen birako azken kontzertuan. 2009ko urtarrilaren 27an kaleratu zen gerora oso ezagun bilakatu zen kanta.
Urte horretan, elkarlanak sei aste eman zituen Billboard Hot 100 zerrendako lehen postuan.
Izandako arrakasta tarteko, bestelako ikus-entzunezko produktuetan erabili da “Right Round”; tartean, Alvin y Las Ardillas 2 animazio filmean eta The Hangover pelikulan.