Maruxak, Geminiss, Adur, Telmo Trenor, Space Surimi eta Amaia Yaniz, abuztuaren 2an, Donostiako Glad is the Day jaialdian
Gipuzkoar hiriburuko Cristina Enea parkean egiten den jaialdiak hamar urte beteko ditu aurten.
Duela bi aste jaio zen mundura MIRUENEA, Mirua hiruko tolosarraren estreinako disko luzea. Etxe izena eman diote lanari, azken hiru urteetan sortu diren doinu, hausnarketa eta lagunak biltzeko 11 logelako ostatua eraikiz.
Parez pare ireki dizkigute ateak, eta herri musika tradizionala eta abangoardia aurkitu ditugu barruan: Tapia eta Leturiaren “Loiolako porrusalda”ren bertsio gaurkotu bat ("Zazpiak Bat"), Itoiz gogora ekartzen duten gitarrak ("Lau Begi Eder"), iruditegi garaikideko erreferentziaz jositako letrak (Ernai, GKS, Loreak Mendian…), Miruaren ohiko pop elektronikoa eta folk erakustaldi gaurkotua.
Kolaborazioz beteriko lana da diskoa. Besteak beste, TOC, Kiliki, Maddi Oihenart, Hofe, Juantxo Zeberio, Xabier Leturia, Leire Leturia eta Maixa musikariak gonbidatu dituzte eurenera. Bide bakartiago batetik etorrita, elkarlanei ateak irekitzea “sekulako esperientzia polita” izan dela diote Miruako kideek.
“Saiatu gara gure burua musikaren mesedetan jartzen, abesti bakoitzak eskatzen zuena entzuten eta egoak alde batera uzten. Badakigu ez dela erraza, baina abesti bat egin nahi bagenuen eta ikusten bagenuen bazegoela norbait guk baino hobeto egingo zuela, proposamena bota diogu. Eta gehienetan baiezkoa izan da erantzuna”, azaldu dute taldekideek. “Asko ikasi dugu, sekulako musikariekin elkartu gara, eta oso polita izan da miresten dugun jendeak gure proiektuan sinisten duela ikustea”, gaineratu du Malentxok.
Hiru urteko sortze prozesuan, abesti asko gelditu dira bidean. Honela azaldu du Mattinek: “Miruatarrei esaten nien: “Disko hau egiten baldin badugu, ahal dugun onena baino hobea egiteko da”.
"30 ideiatik gora ditut karpeta batean gordeta, eta azkenean 11 bihurtu dira kanta”. Ideiak, zirriborroak eta abestiak bereizteko lan horretan taldekide bakoitzak duen rolaz galdetuta, aldakorra dela diote musikariek.
Honela azaldu du Mattinek :“Beti daude momentuak. Batzuetan esaten duzu: “Bua, jenio bat naiz, hau da inoiz egin dudan gauzarik onena”. Gero, hiru egunera kanta entzun eta pentsatzen duzu: “Hau inoiz entzun dudan zaborrik handiena da”. Oszilatzen zoaz, zure buruarekin kontsentsu batera iritsi arte”.
“Txandakatzen joaten gara, panikoan jausten eta bata bestea kontsolatzen. Baina egia da erabakiak hartzeko orduan, Mattinek abestien potentzialaren gaineko sekulako bisio argia duela”, erantsi du Malentxok.
“Lorategi bat ezin da landatu oroitzapenean. Jauregi bat ezin da eraiki ez lorik egin bertan”. Horrela hasten da “Bihotz Bat”, diskoaren gai nagusian sakontzen duen abestietako bat.
Folklorearen transmisioak har ditzakeen forma guztiak interesatzen zaizkie Miruatarrei; jaso dugun horrekin egiten dugun guztia, alegia. Taldekideek azaldu dutenez, ondarearen inguruan asko hausnartu dute disko hau sortzen zuten bitartean. Zortziko bat popa izan daitekeela argi dute Miruako kideek, eta ez dute nostalgiaren industriaren parte izan nahi.
“Folklorea mistizismoarekin eta erromantizismoarekin lotzen da batzuetan, eta guri ez zaigu hori interesatzen. Denok hunkitu gaitezke Irulegiko Eskuarekin, baina gure asmoa ez da herri milenario bat aldarrikatzea. Kendrick Lamarrek atera duen azken diskoa folka da, tipoak West Coasteko hip-hop tradizioa hartu eta bere azken diskoan sartu du. Gurea horren baliokidea dela esan daiteke”.
Euskal folkloreari atzerrian egiten denari baino ukitu mistikoagoa ematen zaionaren susmoa dute Miruako kideek. “Tapia eta Leturiaren soinua 2Pacen edo N.W.A.-ren soinua bezain zaharra da. Tapia eta Leturiaren kasuan ematen du gure arbasoen musika dela, eta besteekin ez da asoziazio hori egiten. Ez dugu beste inongo inork baino ondare bereziagorik, guri honek emozionatzen gaitu eta diskoan sartzea erabaki dugu, besterik gabe".
"Ematen du folklorea lantzen duzunean nolabaiteko intelektuala izan behar zarela eta folklorearen manifestu moduko bat sinatu behar duzula, eta ez da horrela. Besterik gabe, guk etxean hau entzun dugu, beste milioi bat gauzaren artean, eta diskoan sartzea erabaki dugu, emozionatzen gaituelako (beste hainbat gauzak bezala)”, adierazi dute Zeberio neba-arrebek.
“Gure asmoa ez zen disko nazionalista bat sortzea. Mezu pila bat daude albumean, baina egia da gai hau instrumentalizatzea oso erraza dela; sektore, komunikatzaile eta jende askok beraien motoa saltzeko erabiltzen dute”, erantsi du Mattinek.
Hala ere, ukaezina da folk musikak azken urteetan gurean izan duen loraldia. Mattinen hitzetan, tradizioaren eta ohituren goratzeak badu interes politikotik: “Historian zehar, folkloreak krisi garaietan izan du indar handiena, eta ebidentea da egun krisi garaian gaudela. Euskal Herria identitate krisi baten erdian dago. Giro politiko guztia aldatzen ari da, euskal identitatea gauza bat izan da orain arte, eta, bapatean, ikusi dugu gure gurasoen mundua jada ez dela existitzen, ezta gu jaio ginen mundua ere. Horrelako uneetan oso erraza da tradizioan oinarritutako kontsigna faxistoideei apelatzea”.
Argazkiak: Cecilia Álvarez/Hevia Arias
Argazkia: Cecilia Álvarez/Hevia Arias
MIRUENEA plazetara ateratzeko orduan, apustu handia egin dute taldekideek. Hiru izatetik lau izatera igaro dira, Manu Gaigne perkusionista batu baitzaie.
Zuzenekoa diskoaren nortasun organikoaren isla izatea bilatu dute, ur handiagoetan sartuta. “Guretzat guztiz berria den zerbait egingo dugu. Orain arte talde elektroniko bat ginen, baina disko honetan soinu organiko asko daude, musikari askok jo dute gurekin. Zuzenekoetan, oinarri elektronikoa mantentzen dugun arren, ahalik eta musika tresna gehien jotzen saiatu gara: pianoa, gitarra, perkusioa, bilbolina… Ditugun baliabideekin ahal dugun guztia joko dugu”, dio Malentxok.
Aipatutakoez gain, orain arte ez bezala, Mattinek zuzenekoetan abestuko du.
Diskoko hainbat abestitan ahotsa jartzearen esperientziaz galdetuta, hautu praktikoa eta estetikoa dela kontatu digu musikariak: “Kantak eskatzen zuenean egin dut, beharrezkoa eta egokia zenean. Ez nau bereziki motibatzen, baina disfrutatzea lortu dut. Adibidez, “Lau Begi Eder” kantatzen asko disfrutatzen dut zuzenekoetan, baina beti nago erosoago atzean, nire jostailuekin”.
Amaitzeko, diskoko kanta bana aukeratzeko eskatu diegu Zeberiotarrei. Faborito bat ez dutela argituta (egunero aldatzen doa), zaleei gehien gustatu zaizkienez aritu dira: “Ez genuen espero “Morroxko”k hain ondo funtzionatuko zuenik, uste genuen kanta apalago bat izango zela, eta jendea oso barruan dago. Berdina gertatu da “Zazpiak Bat”ekin”.
Mattinek, bere aldetik, “Salda Badago” nabarmendu du: “Ez da erantzun orijinala, baia tabernetan entzuten dudanean esaten dut: temazo bat da. Pop kanta borobila da eta pozik jartzen nau, gustura entzungo nuke egunerokoan”.
Gipuzkoar hiriburuko Cristina Enea parkean egiten den jaialdiak hamar urte beteko ditu aurten.
Sanferminetan, “putos maricones” oihukatu ostean, bi gizonek kristalezko botilak jaurti zizkietela azaldu dute sare sozial bitartez.
“Mailua pausatzeko garaia” iritsi aurretik, bi kontzertu emango dituzte, ASKE eta 40 Minutu Rock jaialdietan.
Ohi bezala, Errenterian zehar banatutako guneetan banatuko dituzte ekitaldiak, irailaren 17tik 20ra.
Dokumentua sinatu duten artisten artean, Fermin Muguruza, Hofe, Anari, Denso, Eire, Ezpalak, Esanezin, Merina Gris, La Txama, SÜNE eta TOC musikariak daude.
Abuztuaren 4tik 9ra, 30 taldetik gora ikusteko aukera izango da Gasteizeko Txosnetan, Andrea Maria Zuriaren jaietan.
Nat Simons, Aurora Beltrán, Orquesta Mondragon eta Malmö 040k ere Saguesen joko dute, abuztuaren 8tik 15era.
Halley Tour deitu diote abenduan Biarritz, Azpeitia, Gasteiz, Iruñea, Donostia eta Bilbon emango duten kontzertu sortari. Sarrera gehienak kaleratu eta minutu gutxira agortu dira.
Donostian hasi eta Madril, Granada, Bartzelona, Las Palmas, Dublin, Londres eta Bruselatik igaroko dira artista eta bere banda, ‘ARKITEKTURA’ diskoaren jendaurreko aurkezpenean.
Arabarrek Europa Parkean joko dute, abuztuaren 26an. Murtziar rock taldeak 29an joko du, eta Walls bakarlaria, ostera, abuztuaren 27an.