‘Aro berria’: Trantsizioko Nafarroa, sexu askapena eta katarsi kolektiboak, Arcoiris komunitatean
Abenduaren 12an zinearetoetan estreinatuko da 'Aro berria', Irati Gorostidiren lehen filma. Zuzendaria “GU”n izan da, filmaren nondik norakoak hizpide.
Gorostidik kontatu digunaren arabera, Ultzamako bailaran (Nafarroa) izandako Arcoiris komunitatearen inguruko ikerketa bat izan da filmaren abiapuntua. Trantsizio garaian, sistema eta dinamika tradizionalak apurtu eta komunitatean bizitzeko sortu zen Arcoiris, eta zuzendariaren gurasoak bertan bizi izan ziren.
“Oso jende desberdina gerturatu zen komunitatera, klase sozial guztietakoa, batzuk han bizi ziren. Baina, batez ere, bertan eskaintzen ziren ikastaroak oso ezagunak bilakatu ziren garai hartan. Milaka pertsona gerturatu ziren bertara, barne bilaketa prozesuak egin eta katarsi komunitario bat bilatuz”, azaldu digu zuzendariak.
Denon iruditerian dagoen komuna hippie bat zen Arcoiris, eta bertako dinamiketan sakontzeko lana hartu du Gorostidik. “Jende gaztea zen, frankismoan jaiotakoak eta askapen bila ari ziren arren. Oso prozesu konplexuak ziren eta bertan jorratzen ziren hainbat gai gaur egungo kezkak ere badira”, azaldu du.