Maren izan da “Bitan”en denboraldi berriko lehen gonbidatua. Uda honetan bizitako une gozo-gaziez aritu da Ainhoa Vitoria eta Sara Alonsorekin.
Aurkezpenak eginda, Bilboko Aste Nagusian eman behar zuen kontzertuaren gaiari eutsi diote. Jaietako lehen egunean, Abandoibarrean aurreikusitako kontzertuak bertan behera gelditu ziren. Eszenatokia ez zegoen prest, eta Udalak azken orduan kontzertuak ezeztatzea erabaki zuen, "arazo teknikoak" zirela eta. Marenek berak, Kai Nakaiek eta Olatz Salvadorrek (hirurek eman behar zuten kontzertua), Bilboko Udalaren kudeaketa salatu zuten, ohar bitartez.
Salatzeko beldurra izan zuela aitortu digu Marenek “Bitan”en, baita gerora jasotako babes erraldoiarekin ezin eskertuago sentitu zela ere. Abandoibarrean jotzeko ametsari uko egin behar izan zion arren, beste bat bete duela kontatu digu: Londreseko Bona Dea jaialdian jo zuen eta bertako publikoa euskaraz kantatzera gonbidatu zuen. “Sekulako ilusioa egin zidan, oroitzapen hori betirako eramango dut nirekin”, kontatu digu musikariak.
Espaniar Musikaren Akademiaren sarietan, Marenen “Haginekaz” kanta euskarazko abesti onenen artean izendatu zuten aurten. Bizkaitar kantariaren lehen izendapena izan da, eta euskal musikari omenaldi txiki hori egiteak asko poztu du.
Palestinako genozidioaz ere aritu da gonbidatua. “Oso arraroa egiten zitzaidan nire gertatzen ari den guztiarekin nire egunerokoa edo musika partekatzen jarraitzea, ezer egin gabe”. Horregatik, Palestinako bi familiarekin harremanetan jarri eta zuzeneko laguntza ematera animatu da: Begixek EPa salgai jarri du berriro, eta irabaziak donazio bilakatu ditu.