Nahia Sillero: “20 urterekin telebistan sartzen zarenean dena iruditzen zaizu opari bat, eta uste duzu ez duzula kexatzeko eskubiderik”

Gaztetatik sormenaren eta interpretazioaren munduan murgilduta egoteaz, telebistan emandako lehen urratsez eta etorkizuneko proiektuez aritu da artista, “Bitan” saioan.
Nahia Sillero
18:00 - 20:00

Nahia Sillero aktore eta idazlea hartu dute gonbidatu Ainhoa Vitoria eta Sara Alonsok, “Bitan” saioan. Interpretazioa ikasi zuen, eta antzeztea beste hainbat esparrutara bidaiatzeko tresna gisa erabili du gonbidatuak. Hala, aktore lanez gain, antzerki idazle eta aurkezle lanetan ikusi dugu Sillero. ETB1eko ‘Irabazi arte’ telesailean ezagutu genuen, eta horrela oroitzen ditu kamera aurrean egindako lehen urratsak: “Telesailean hasi nintzenean ez neukan oso argi zer egin nahi nuen nire buruarekin eta nire karrerarekin, unibertsitatean nengoenean hartu ninduten eta ez nuen inolako espektatibarik lan munduarekin. Ez nengoen eraikita, ez artista ez pertsona bezala”.

Telebistan jasotako lehen soldatek eta ibilbide arrakastatsuak etorkizuna eraikitzen hasteko gaitasuna eman ziotela kontatu digu gonbidatuak. “Telebistak eman dizkit espektatiba batzuk, askotan, irrealak. Gero, telebistatik ateratzerakoan horiekin bizi behar zara. Jakin behar duzu hortik aurrera zein motatako sortzailea izan nahi duzun eta zein den egin nahi duzun lana, eta ez konfunditu bizitzeko egiten duzun lana eta benetan egin nahi duzun lana”.

Aurkezle gisa eroso sentitzen dela ere aitortu digu gonbidatuak. Ikertzeko eta komunikatzeko grina asetzen dio ofizioak, batzuetan lekuz kanpo sentitzen den arren. Ikus-entzunezkoez gain, literatura zale amorratua da Nahia Sillero. ‘Lo que hablamos del amor’ liburua idatzi zuen duela hiru urte. Denbora igarota, berea ez dela sentitzen du eta lotsa puntu batekin oroitzen ditu eguneroko formatuan idatzitako pasadizoak. Hala ere, eskertuta dago orduko Nahiarekin, idatzi eta publikatzen ausartu zelako. Egun, liburuei buruzko bideoak publikatzeaz gain, irakurketa talde bat duela kontatu digu.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X