Peiremans+: “Umorea duen arren, disko malenkonikoa atera zaigu”
Gorka Urbizu eta Ima Ubeda Peiremans+eko kideek Hirugarren Mailan izeneko disko berria aurkeztu digute “B Aldea”n. Kaleratutako azken lanetik hamar urte igaro diren honetan, hirukoak Halley izeneko bira emango du Euskal Herrian barrena.
Bazkari baten aitzakian elkartu ziren Gorka eta Ima, eta abestiren bat jotzeko hitzordua izan behar zuenak bost kantako disko berri baten sorkuntzan bukatu zuen. Prozesua uste baino gehiago konplikatu zitzaiela aitortu du Gorka Urbizuk.
Erritmo errazak eta “kaskoekin entzunda” atzematen diren konponketak dira diskoaren arima. Letrei dagokienez, umoreak eta ironiak badute lekua, “Durangoko Palentinoan” abestiak, batik bat. Hala ere, abesti gehienek “gai serioak” lantzen dituztela aurreratu digute, eta uste baino disko malenkoniatsuagoa atera zaiela aitortu digute.
Durangoko Palentino tabernan grabatutako bideoklipaz ere aritu dira bi gonbidatuak. Peiremans+en historiako lehen bideoklipa da tabernan grabatu dutena, eta Euskal Herriko musikari, aktore eta bestelako aurpegi ezagunez inguratu dira, Arriguriren gidaritzapean.
Peiremans+ zuzenean ikusi nahi baduzu, Tolosan (azaroak 28) eta Gernikan (azaroak 29) izango duzu aukera.