Konnemara musikari hasiberria gonbidatu dugu “B Aldea”ra. Enara Falaganek bere musika proiektua aurkeztu digu, Beste Baten Ordez izeneko lehen EPan sakonduta.
Umetatik musikarekin lotura estua duela kontatu digu gonbidatuak. Soinua eta gitarra jotzen ditu, orain arte musika ikasketa profesionalik izan ez duen arren. Egun, Musikologia ikasten du eta kantak kaleratzen hasteko unea iritsi zaio.
Larrabetzutik dator Konnemara, eta herrikide musikari diren J Martinari buruz galdetu diote Ainhoa Vitoria eta Julen Idigorasek. Lagunak izateaz gain, erreferente handitzat ditu Barcena ahizpak. Keinu gisa, J Martinaren kamiseta daraman argazkia aukeratu du bere lehen diskoko azal gisa.