Maruxak: “Trabestion aberria anitza da, gure erreferenteak anitzak dira eta gure diskoak ere halakoa behar zuen”
Maruxak taldeko Haizemin eta Kattalinik taldearen disko berria ekarri digute “B Aldea”ra. Azaroaren 13an kaleratuko dute Eskuminak Deluxe izeneko sei piezako lana.
Lan berrian aniztasun musikala, soinu aukeraketa eklektikoa, folklorea eta kolaborazioak aurkituko ditugula aurreratu digute bi taldekideek. Folkloreari dagokionez, hautu naturala dela diote Maruxakekoek: “Taldeko zortzi pertsona dantzariak gara, gure errealitatea da”, azaldu du Kattalinek. Euren musika sortzeko baliatu dituzten erreferente anitzetako bat da folklorea, baina badaude beste batzuk ere: “Trabestion aberria anitza da, gure erreferenteak anitzak dira eta gure diskoak ere anitza behar zuen”.
Oholtza gainean zein eszenatokietatik kanpo jasandako erasoez ere aritu dira gonbidatuak. Izan ere, disko berrian, “Mina” izeneko “abesti-komunikatu” bat egin dute bizipen horiek salatzeko. “Eszenatokian ahaldundu egiten gara, baina gure etxeetan beste gauza bat bizi dugu”, kontatu digute musikariek.