Barbaridad Bagdad: single bat, kontzertu bat eta uda osterako disko bat
Barbaridad Bagdad taldea ezagutu dugu “B Aldea”n. Proiektua berria den arren, eskarmentudun musikariek osatzen dute: Juanjo Berasain (Ezpalak), Alain Martinez (Dinero), Jon Agiriano (Rukula) eta Iker Vazquez (Pelax).
“Ispilu” izeneko singlea kaleratu eta kontzertu bakarra eman dute, Nazafest jaialdian. Lehen aldiak gainetik kenduta, udan geldialdi bat egin eta proiektuari forma emateko aprobetxatuko dutela kontatu digute musikariek.
Musikariak elkartuta, Juanjok konposatutako abestiei forma ematen hasi ziren. Hala, leporaino betetako agendei tartetxo bat atera eta beste taldeekin egiten ez dituztenak egiteko sortu dute Barbaridad Bagdad. Ukitu “garajeroa” zuen taldea osatu nahi zuten, punka eta psikodeliaren bidetik. Erreferenteez galdetuta, Ty Segall eta Meatbodies aipatu dituzte gonbidatuek. Udako geldialdia eta gero, diskoa grabatu eta aurkeztera bueltatuko digutela hitzeman digute!