Süne, ZETAK, Dupla, Olatz Salvador eta Janus Lester dira artista onenaren Gaztea Saria eramateko hautagaiak
Gazteako epaimahaiak Süne, ZETAK, Dupla, Olatz Salvador eta Janus Lester aukeratu ditu 2026ko Gaztea Sarietako artista onenaren garaikurra eramateko hautagai gisa. Datorren ostegunean, martxoak 5, jakingo dugu zeinek eramango duen garaikurra, Euskalduna Bilbaoko Urban Hallen.
Süne
Bere bakarkako ibilbideko lehen lan luzea oparitu zigun SÜNEk 2024 bukaeran: AMAINEMAN. Iazko urtea, diskoa publikoari aurkezten eman du, Euskal Herrian hasi eta Madril, Bartzelona, Oviedo eta Santiago de Compostelaraino.
Pertsonalean ere urte ona izan da musikariarentzat, "Bitan" saioan kontatu zigunez, bere buruarekin harreman osasungarria garatzen hasi da: “Huntzarekin oso epaitua sentitzen nintzen eta Sünerekin askoz gehiago gozatzen dut Euskal Herrian”. Bada, urteetako esperientziaren poderioz, “zeri jaramon egin eta zeri ez” ikasi duela azpimarratu zuen.
ZETAK
Mitoaroen urtea izan da 2025a. Nafarroa Arenan egin zuten lehena, urtarrileko lehen astean. Atzetik etorri ziren lepo betetako Ilunbeko bi datak eta iristear dagoen San Mames.
Urte borobila bukatzeko, Pello Repararazen taldeak aurtengo Korrikaren abestia sortu zuen, Maixux Zugarramurdi eta Erramun Martikorenarekin elkarlanean.
Dupla
De Un Pueblo Llamado Agurain diskoaren uzta jasotzeko urtea izan da arabar bikotearentzat. Euskal Herriko hamaika plazetan aritzeaz gain, Erresuma Batuan eta Finlandian jo dute 2025ean.
Bira ixteko, bi eguneko jaia antolatu zuten Agurainen. Bertan, gertukoez eta zalez inguratuta, “ametsa egia bihurtzea” lortu zuen Duplak.
Olatz Salvador
Zainak Eman diskoa jaiotzen ikusi eta, urtea hasi bezain pronto, gure plazetan genuen Olatz Salvadorren ikuskizun berria. Denetarik gertatu zaio 2025ean: MIN Sarietarako izendatu dute, “Korapilatzen” kantaren bertsio berri bat kaleratu du eta Judit Neddermann kataluniar artistaren ARTEAN diskoan kolaboratu du, musikari eta itzultzaile gisa.
Janus Lester
Jokin Pinatxoren bandak bere bigarren lan luzea, Lore, kaleratu zuen iaz. Pinatxok berak gurean azaldu zuenez, aurrekoa baino disko dantzagarriagoa da Lore, eta hala aurkeztu dute plazaz plaza. Disko gorriak poz andana eman die: birako lehen kontzertuan leporaino betetako Victoria Eugenia Antzokia, Neomak eta Nøgen bidelagunekin oholtza partekatzea eta 50 kontzertutik gorako bira erraldoia.