ETSren ‘KONKISTA’, EZEZEZen ‘Kabakriba’, Merina Grisen ‘ZULOA’, Olaia Inziarteren ‘Zerrautsa’ eta Miruaren ‘MIRUENEA’, Gaztea Sarietan izendatu, disko onenaren kategorian

2025ean kaleratutako lanen artean, bost hauek aukeratu ditu Gazteak. Epaimahaiak aukeratuko du zeinek eramango duen garaikurra, baina gogoratu zuzeneko eta ikuskizun onenaren irabazlea zuk aukeratuko duzula, bozketa bidez.
Disko onenaren gaztea saria hautagaiak

Disko onenaren kategorian, ETSren KONKISTA, EZEZEZen Kabakriba, Merina Grisen ZULOA, Olaia Inziarteren Zerrautsa eta Miruaren MIRUENEA dira aurtengo Gaztea Sarietako izendatuak.

KONKISTA

2025 bukaeran iritsi zen Konkista, ETSren diskorik eklektikoena. Buesa Arenan egin zuten aurkezpen publikoa, 8.000 lagunen aurrean. Diskoko kantak aurkeztu eta abestien atzean dagoenaz hitz egiteko aukera izan zuen Iñigo Etxezarretak.

ETSren hitzetan, KONKISTA kontrastez beteriko lana da; bizitzeko beharrezkoak diren emozio mingarri, zauri eta orbainen multzoa.

Kabakriba

Bizkaitar bandak maiatzean kaleratu zuen bere azken diskoa. Taldeko kideek “B Aldea”n azaldu zigutenez, “erabaki organikoz” beteriko diskoa da Kabakriba. Izan ere, “letra lurtarragoak” egiten saiatu dira, eta “kezka espliziturik gabe”. 

Diskoa aurkeztu zutenetik, berrogeita hamar kontzertutik gora eman dituzte Euskal Herria, Valentzia, Andaluzia eta Katalunian barrena.

Ezezez "Katuzaldia"

ZULOA

Otsailean iritsi zen donostiar bandaren bigarren disko luzea. Albumaren izenaren kontzeptuaren bueltan, bizitzak eragin ditzakeen mota guztietako zuloen inguruko abesti sorta kaleratu zuten.

Urtebete igaro da ordutik, eta ZULOA diskoko abestien zilarrezko ibaia Bartzelona, Paris eta Txipreraino iritsi da.

Merina Gris. Argazkia: Iker Gozategi

Zerrautsa

2025eko lehen egunetan jaso genuen Zerrautsa, Olaia Inziarteren bigarren diskoa. Olaiak berak “Dida!”n azaldu zigunez, larrugorritze ariketa zintzoa da lana: “Oso disko biluzia da, beldurra ematen dit, baina sinetsi nahi dut jendeak tentuz hartuko duela”.

“zenbat okupatzen du?”, Natxo de Feliperekin egindako kanta, da diskoko kolaborazio bakarra. Oskorrirekin urteetan zehar obsesionatuta egon ostean, Inziarterentzat amets bat betetzea izan zen abesti hori grabatzeko aukera izatea.

Olaia Inziarte

MIRUENEA

Hautagaien arteko diskorik koralena da Mirua tolosarren diskoa. TOC, Kiliki, Maddi Oihenart, Hofe, Juantxo Zeberio, Xabier Leturia, Leire Leturia eta Maixa musikarien talentuaz baliatu dira euren MIRUENEA sortzeko. Honela azaldu ziguten taldekideek: “Saiatu gara gure burua musikaren mesedetan jartzen, abesti bakoitzak eskatzen zuena entzuten eta egoak alde batera uzten. Badakigu ez dela erraza, baina abesti bat egin nahi bagenuen eta ikusten bagenuen bazegoela norbait guk baino hobeto egingo zuela, proposamena bota diogu. Eta gehienetan baiezkoa izan da erantzuna”.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X