Zuek aukeratuko dituzue zuzeneko onenaren eta elkarlan onenaren Gaztea Sariaren irabazleak
Gazteako saioetan iragarriko ditugu kategoria bakoitzerako hautatutako talde eta bakarlariak, astelehenetik igandera. Zuzeneko onenaren eta elkarlan onenaren irabazleak ikus-entzuleek erabakiko dituzue, gaurtik aurrera, webguneko bozketan.
Martxoaren 6an ospatuko dugu Gaztea Sarien gau handia, Euskalduna Bilbao aretoan. Euskal musikak emandako onena sarituko du Gazteak, eta artista horietako asko oholtza gainera gonbidatuko ditugu, galarako propio prestatutako ikuskizuna eskaintzeko.
Ainhoa Vitoria eta Sara Alonso Gazteako “Bitan” saioko kideek aurkeztuko dute gala. Bertan ikusiko ditugun emanaldietako protagonisten izenak jakiteko itxaron beharko den arren, Gaztean egunero entzuten ditugun musikariak izango dira festa musikatzeko arduradunak. Gainera, inoiz baino zuzeneko gehiago izango direla aurreratu dezakegu.
Aurtengo edizioko babesleei dagokienez, Kutxabank, Bizkaiko Foru Aldundia, Ongizatea -Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Erronka Demografiko Saila- eta Mondragon Unibertsitatea izango ditugu bidelagun.
Aurtengo sariak
Urtean zehar jasotako uztari erreparatu eta artista, artista berri, kanta, disko, bideoklip eta zuzeneko onenak sarituko dira, besteak beste. Aurten, baina, aldaketak izan dira hautaketa prozesuan. Bada, Gazteak osatutako epaimahai batek erabaki ditu kategoria gehienetako irabazleak.
2025eko Gaztea Sarietako kategoriak eta izendatuen zerrendak Gazteako “Dida!”, “GU”, “Top Gaztea” eta “Bitan” saioetan iragarriko dira, gaur hasi eta igandera arte.
Bi sari, ikus-entzuleen esku
Epaimahaiaren erabakitik harago, Gazteako ikus-entzuleek ere izango duzue zeresana. Izan ere, gaurtik aurrera, zuek erabakiko dituzue zuzeneko onena eta elkarlan onena kategorietako sarien irabazleak. Jada gure webgunean aktibo dagoen bozketan, gustuko artista edo kantaren aldeko boza emateko aukera duzue.
Zuzeneko onenaren kategorian, honakoak dira aurtengo izendatuak: Tatxers, ZETAK, Ibil Bedi, Izaro eta Dupla.
Elkarlan onenari dagokionez, hauek aukeratu ditu Gazteak: Zea Maysen “Elektrizitatea 25”, Tatxers eta Malakiasen “Eh tu! (ezta lorerik)”, ZETAK eta Maixux Zugarramurdiren “Hileta Kantu Nafarra” eta Belako eta Anariren “Deus ex machina”.