IZARO eta Olaia Inziartek Gaztea Sarien galan joko dute

Martxoaren 5ean izango da sari banaketa, Euskalduna Bilbaoko Urban Hallen. Galan joko dute bi artistek, eta ama izan aurreko azken emanaldia izango da IZAROrentzat.

IZARO eta Olaia Inziartek ireki ditu Gaztea Sarien zuzeneko emanaldien zerrenda. IZAROk berak eman digu berria: ama izan aurreko azken emanaldia izango da Gaztea Sarietakoa. 'cerodenero' bira bukatuta, bizkaitar artistak duela astebete iragarri zuen aurtengo abenduan Arkitektura izeneko lana aterako duela, baita ia zazpi hilabeteko haurdun zegoela ere. 

Olaia Inziarterentzat ere urte borobila izan da aurtengoa, bada, zerrautsa disko luzea eta zura izeneko EPa kaleratu ditu, eta gurean zein munduan barrena aurkeztu dizkio jendeari.

Martxoaren 5ean ospatuko dugu Gaztea Sarien gau handia, Euskalduna Bilbaoko Urban Hall aretoan. Urtero legez, euskal musikak emandako onena sarituko dugu, eta artista horietako asko oholtza gainera gonbidatuko ditugu, galarako propio prestatutako ikuskizuna eskaintzeko.

Gaztea Sariak

Martxoaren 5ean, 2025ean zehar jasotako uztari erreparatu eta artista, kanta, disko, bideoklip eta zuzeneko onenak sarituko dira. 

Aurten, baina, aldaketak izango dira hautaketa prozesuan. Bada, Gazteak osatutako epaimahai batek erabakiko ditu kategoria gehienetako irabazleak.  

Hala ere, izango da bozkatzeko aukerarik. Izan ere, Gazteako ikus-entzuleek bi kategoriatako irabazleak erabakiko dituzue, webgunean abiatuko dugun bozketan. Gainera, kategoria berria bat sortu dugu aurtengo sarietarako: ikuskizun onenarena. Sari honekin, 2025ean gurean izan diren kontzertu eta show bereziak sarituko ditugu.

Galan zehar ikusiko ditugun emanaldietako protagonisten izenak jakiteko itxaron beharko den arren, inoiz baino zuzeneko gehiago izango direla aurreratu dezakegu.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X