Gaztea Sariak iristear diren honetan, izendatuak ezagutzeko unea iritsi da. Astean zehar, kategoria guztietan izendatutako talde eta musikarien izenak iragarriko ditugu gure irratsaio eta sare sozialetan.
Urtero legez, publikoak bere musikari eta proiektu gustukoenaren alde bozkatzeko aukera izango du. Aurten, zuzeneko onena eta ikuskizun onena izango dira bozketan aukeratu beharreko kategoriak.
Zuzeneko onenaren Gaztea Saria eskuratzeko hautagaiak Merina Gris, Chill Mafia, Olaia Inziarte, EZEZEZ eta Gorka Urbizu dira. 2025a denentzat izan da berezia, eta Euskal Herriko zein gure mugetatik kanpoko oholtzetan aritu dira, ia gelditu gabe. Chill Mafiaren kasuan, taldea utzi aurreko despedida kontzertuak eman zituzten 2025 hasieran.
Joan den urtean bizi izan dugun formatu handiko kontzertuen olatua aintzat hartuta, Gazteak kategoria berria sortu du aurten: ikuskizun onenaren saria. Hala, honakoak aukeratu ditugu estreinatu berri dugun garaikur berezirako: IZAROren ‘cerodenero’, ETSren ‘20 urte zure eskutik’, ZETAKen ‘MITOAROA’, Gatiburen 'Agur esan barik' eta Fermin Muguruzaren 40. urteurreneko Anoetako kontzertua.