Gure musikariek inoiz baino ozenago kantatu dute Donostian, Musikaren Egunaren festa handian

Gaztearen zuzeneko saio bereziak eta TOCen kontzertuak eman diote hasiera Musikaren Egunari. Une horretatik aurrera, elkarrizketak, solasaldiak, tailerrak eta zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izan da Tabakaleran.
Musikaren Eguna 2025, Donostiako Tabakaleran.

“Bitan” saioko Ainhoa Vitoria eta Sara Alonsoren ahotsek ireki dute Musikaren Eguna, Donostiako Tabakalerara hurbildu diren zale goiztiarrenen konpainiaz inguratuta. 

Ateak ireki eta ordu erdi geroago hasi da eguneko maratoiari hasiera emango dion lehen kontzertua, TOC bizkaitarren eskutik.

12.00ak iritsi orduko beteta zeuden Tabakalerako Patioa eta Kutxa Kultur Fundazioa, Olaia Inziarte eta Malko zuzenean ikusteko. 

Kontzertua hasi aurretik, Olaiak bere ibilbide profesionalari lotutako esklusiba kontatu digu: uda honetan (uztailak 3), stand up emankizun txiki bat egingo du, beste hainbat umoregilerekin. Espero ez genuen berria bota ostean, Patio oholtza kantuan jarri du nafarrak, Musikaren Egunerako propio prestatutako formatu txikiarekin.

Goizeko azken protagonistak, Sukena eta Gorka Urbizu, “Bitan”etik pasatu dira kontzertua baino lehenago. Hainbeste miresten dituzten artistekin inguratuta egoterekin pozarren daude Sukena taldeko kideak.

Gorka Urbizuri, ostera, Victoria Eugenian egindako ‘sold out’ laukoitzaz galdetu diote, eta jasotako babesa asimilatu ezinik jarraitzen duela aitortu du musikari nafarrak. Gainera, Musikaren Egunean parte hartu duten artisten artean norekin kolaboratuko lukeen galdetuta, Kiliki eta EzEzEz bota ditu Urbizuk.

Gaztearen saio berezitik igarota, kontzertua eman dute bi artistek. Urbizuk Patio aretoa bete du. Gitarra soinean hartuta, eta aulki batean eserita, Hasiera Bat diskoko kanta kutunak abestu ditu. Kutxa Kultur Fundazioko oholtzan, Gaztean hazten ikusi ditugun Zilibito Recodseko kideek aretoa astindu dute AKHELAŔE diskoko hitekin.

 

Musikaren Eguna 2025, Donostiako Tabakaleran.

IZAROk ireki du eguerdiko kontzertu sorta, leporaino betetako Patio aretoan. Garazi Esnaola teklistak lagunduta, cerodenero birako errepertorioaren bertsio murriztua eskaini du mallabiar artistak. 

Honek utzitako giro intimoaren bidetik eutsi dio Idoiak bere zuzenekoari, 15:00etan. Ordu erdiko emanaldian, pianoa eta gitarra jotzeko astia eman dio aramaioar artistari, baita publikoari zuzentzeko ere. Munduak bizi duen une nahasiari kantatzeko deia egin du Idoiak: “Agian kantatuz ez dugu mundua aldatuko, baina bihotzak laztanduko ditugu, eta momentu batez bada ere, musikaz goza dezagun eta kantatu dezagun gehiago. Zaindu dezagun musika, artea eta kultura”.

17:00etan, Gazteako lantaldeak eguneko bigarren zuzeneko saioari eutsi dio. Julen Telleria, Ibon Fernandez eta Alain Perezek Olatz Salvadorren konpainian hasi dute programa. Salvadorrentzat beti da berezia Donostian jotzea, hiriarekin harreman konplikatua duen arren. 

Tabakaleran askotan egon izan den arren, bertan bakarrik jotzen zuen lehen aldia izan da gaurkoa. Gitarrarekin lagunduta, Zainak Eman disko berriko kantekin bete du bere ordu tartea, “Korapilatzen” klasikoari leku bat eginda.

Arratsaldeko lehen orduan, Janus Lester eta Bengok bete dute Patioa oholtza. 

Jokin Pinatxok saio berezian aurreratu digunez, Janus Lesterrek hitez beteriko errepertorioa prestatu du Musikaren Egunerako. Esan eta egin, LORE disko berriko abestiak “Dap Dap”en tamainako erritmo dantzagarriekin uztartu dituzte.

BELHARRA diskoaren aurkezpen birako kontzertuen tankerari eutsita, Julen Aduriz ekoizle eta gitarrajolearen konpainian agertu da Bengo oholtza gainera.

Arratsaldeak aurrera eginda, La Txamaren corridoek Tabakalerako areto nagusia dantzan jartzea lortu dute, kontzertu hasieratik bukaerara. Kolaboratzailez jositako zuzenekoa eman dute: Kiliki batu zaie “MUSA 13” kantatzeko eta “Txirula” abestian, Val taldekidearen ama dantzari moduan igo da oholtzara.

Hyperpop, rock eta pop doinuek bete dute Musikaren Eguneko azken blokea. Merina Gris donostiar hirukoak energiaz beteriko zuzenekoa eskaini du, ZULOA diskoko abesti ezagunenak eta HOFE eta Ultralágrima taldeekin egindako kolaborazioekin bete dute ordu erdiko kontzertuan.

Gaua helduta, Dupla arabar bikoak Patioa aretoa herriko jaietako plaza bihurtu dute, ikuskizun aparta eskeinita. Musikaren Eguna behar bezala bukatzeko, bertako rocka: Ezpalak eta Maskak taldeen gitarrek itxi dute musikaren egun handia.

Musikaren Eguna, irudietan

    Ekitaldiei buruzko berri gehiago

    18:00 - 20:00
    ZUZENEAN
    Duela  min.

    Minutu gutxian agortu dira Musikaren Eguneko gonbidapen guztiak

    17:00etan hasi eta 20:00ak bitarte jarri ditugu eskuragarri tiketak, ordubeteko tartearekin. Argitaratu eta minutu gutxira bukatu dira denak, bi mila pertsonatik gorako ilara birtualekin. Gonbidapenik gabe gelditu direnek Prisma oholtzako zuzenekoetara, hitzaldietara eta Gazteako saio berezietara hurbiltzeko aukera dute.

    Gehiago kargatu