LP, Annie and The Caldwells, Bea Asurmendi eta White Carters: Jazzaldian galduko ez ditugun kontzertuak
Donostiako 61. Jazzaldiak 77 kontzertu eskainiko ditu uztailaren 22tik 26ra, 12 agertokitan, eta horietako 47 doan ikusi ahalko ditu publikoak. Izen handien artean, Pat Metheny, Diana Krall, Marc Ribot Marcus Miller, Joe Lovano, LP, Samara Joy, Charles Tolliver, Carmen Lundy eta Cécile McLorin Salvant nabarmentzen dira.
Gaztean, kartelaren errepasoa egin dugu eta ikusi nahiko genituzkeen lau kontzertu aukeratu ditugu.
LP
New Yorketik dator Laura Pergolizzi, LP gisa ezagutzen dugun bakarlaria. Sei disko eta hiru EPko ibilbide oparoa duen arren, . “Lost On You” abestiarekin egin zen ezagun, 2016an. Hamar urte geroago, indie pop eta rock alternatiboz bustiko du Zurriolako hondartzan (Keler gunea) eskainiko duen doako zuzenekoan, uztailaren 22an, 20:45ean.
Annie and The Caldwells
Egun berean, Annie & The Caldwells hiru ahizpek osatutako taldea ikusteko aukera izango da, doan, Frigo gunean. Mississippiko familia honek indar handiko soul sutsua eta sakonki espirituala egiten du, gospel eta funk musika txertatuta.
2025ean kaleratutako Can’t Lose My (Soul) albumeko abestiak zuzenean entzungo ditugu, 22:15etik aurrera.
Bea Asurmendi
Uztailaren 25ean, 19:00etan, Bea Asurmendi doan ikusteko aukera izango da, Frigo gunean (19:00). Londresen bizi den aramaioar artistak iaz kaleratutako Asteartea diskoa aurkeztuko du Jazzaldiko publikoaren aurrean.
Silvia Pérez Cruz edo Norma Winstone gustuko badituzu, ez galdu Bea Asurmendiren zuzenekoa.
White Carters
Xabier Aguado, Izan Quintela, Oier Alberdi, Iker Toribio, Cristina Pascual, Ager Alzola eta Alejandra Bartolomek osatzen dute 2023an sortutako funk taldea. Musikeneko ikasgeletan sortutako lehen ideia horretatik abiatuta, goi mailako musika erakustaldia egingo dute Fnac gunean, uztailaren 25ean (19:00).