The Hives, Alcalá Norte, Counting Crows eta Superchunk, Azkena Rock Festivalera
The Hives, Alcalá Norte, Counting Crows eta Superchunk taldeak Gasteizko Azkena Rock Festivalen (ARF) joko dute, jaialdiko antolatzaileek iragarri berri dutenez. Ekainaren 18tik 20ra, Mendizabalan joko dute, Alice Cooper, Social Distortion, Imelda May, Jason Isbell & The 400 Unit eta aurretik iragarritako beste hainbat musikarirekin batera.
12 urteren ostean, The Hives suediarrek ARF zapalduko dute berriz, adrenalinaz beteriko showa eskaintzeko. 90eko hamarkadako estatubatuar rock alternatiboak ere toki berezia izango du jaialdian, Counting Crows bandaren eskutik. Ipar Karolinako (AEB) Superchunk taldeak, bere aldetik, aurten kaleratutako Songs in he Key of Yikes izeneko diskoa aurkeztuko du Mendizabalan. Espainiar musikaren aldeko apustuan, Alcalá Norte madrildarrak gurean izango dira, 2024an Bilbao BBK Liven jo ostean.
Aipatutakoez gain, The Temperance Movement, Hällas, Vandoliers, DeWolff eta Lepora taldeak ere batu dira jaialdiko hirugarren iragarpenera.
Sarrerak
Sarrerak eskuragarri daude, jaialdiaren webgunean, aldi baterako deskontuarekin (160€ + kudeaketa gastuak). 23 urtetik beherakoek Gaztea Bonua (100 €+ gastuak) erosi ahal izango dute, eta Kuadrilla Bonua ere eskuragarri egongo da: sei bonu, bost bonuren prezioan.
Aurreko edizioetan bezala, 14 urtetik beherakoak doan sartu ahalko dira.