Gaztea Sariak 2026: Janus Lester da urteko artista, Merina Grisen ‘ZULOA’ da diskorik onena eta Gorka Urbizuren “Zilarra”k eraman du abesti onenaren garaikurra

Bestelako kategorietan, Naxkerren eraman du artista berri onenaren garaikurra, eta Miruaren “Morroxko” kantaren bideoak, ostera, bideoklip onenarena. Publikoak hautatutako bi kategorietan, honakoak izan dira sarituak: Gorka Urbizu (zuzeneko onena) eta ZETAKen ‘Mitoaroa’ (ikuskizun onena).

19:30ean ireki dira aurtengo Gaztea Sarien gau handiko ateak. Ibon Fernandez eta Alain Perezek egin dute galaren atarikoa, Euskalduna Bilbaotik zuzenean, arratsaldeko 17:00etan hasita.

Alfonbra gorriko fokuak piztu bezain pronto, bertatik igaro dira gaueko lehen protagonistak. IZARO, Olaia Inziarte, Merina Gris, Gorka Urbizu, Janus Lester, Nøgen, HOFE, Jimena Amarillo eta Euskoprincess, galan zuzenean joko duten artistak, izan dira Gaztearen alfonbra zapaldu eta Jon Fernandez eta Berezi Fernandezen galderak erantzun dituzten lehen gonbidatuak. Alfonbra gorriko saioak iraun duen ordubeteko tartean, galara gonbidatutako musikari, aktore eta eduki sortzaile gehienak photocalletik igaro dira, galarako propio prestatutako lookak erakutsi eta urteroko argazkiak ateratzeko.

20:30ean hasi da Gaztea Sarien gala, ekitaldiko oholtzetako batean Merina Gris eta Gorka Urbizu agertu direnean. Elkarrekin jo dute “Tesla Bat Sutan”, 2025ean etengabe entzun dugun kanta. Sekulako astinaldia eraginda, sari banaketako taula gainera agertu dira Ainhoa Vitoria eta Antton Telleria, galako aurkezleak.

Artista berri onenaren Kutxabank Korner saria

Publikoa agurtu eta umorez beteriko sarrera egin ostean, iritsi da gaueko lehen garaikurra: artista berri onenaren Kutxabank Korner saria. Basque Teameko Janire Gonzalez eta Odei Jainaga kirolariek eman dute gaueko lehena: Naxker nafar bandak eraman du artista berri onenaren Gaztea Saria.

Bideoklip onena

Zuzenekoaren atzetik, gaueko bigarren saria: bideoklip onena. Garaikurra banatzeko, Gorka Lasa eta Ibai Marr skaterrak publiko artetik igo dira agertokira. MIRUAren “Morroxko” kantaren bideoklipak eraman du saria. Sari banatzaileek pozez eman diete Gaztea Saria, elkar ezagutzen baitute: Gorka eta Ibai (beste hainbat musikari eta aurpegi ezagunen artean) saritutako bideoklipean agertzen dira.

Zuzeneko onena

Aurtengo edizioan, publikoak erabaki du zuzeneko onenaren irabazlea. Gorka Urbizu, Merina Gris, Olaia Inziarte eta Chill Mafia ziren bost izendatuak, eta Urbizuk lehenak eraman du saria.

Hasiberrietatik, eskarmentudunetara. Bada, Naxkerrekoak oholtzatik jaitsi eta berehala, prest zeuden IZARO eta Olaia Inziarte, ondoko oholtzan. “Saldu genizun”, bizkaitar musikariak nafarrari oparitutako abestia, kantatu dute elkarrekin.

Jarraian, Ainhoa Vitoria eta Antton Telleriak Gaztearen Kabian ekimena azaldu diote publikoari, eta bertatik ateratako elkarlanik arrakastatsuenetarikoa aurkeztu dute: HOFE eta Jimena Amarillo ikusi ditugu zuzeneko emanaldien agertokian, “Panpin bat bezala” jendaurrean estreinakoz kantatzeko.

Ikuskizun onena

Galaren bigarren erdian sartuta, publikoak bozkatutako bigarren kategoria, ikuskizun onenarena, saritzeko unea iritsi da. Horretarako, Ainhoa Etxebarria eta Ainhoa Artetxe aktoreak igo dira oholtzara. Gazteako ikus-entzuleek hala erabakita, ZETAKen Mitoaroak jaso du ikuskizun onenaren garaikurra. Pello Reparazek jaso du saria.

Disko onena

Iker Iribarren eta Janire Atxurra eduki sortzaileen eskutik iritsi da gaueko sari garrantzitsuenetarikoa. Disko onenaren kategorian, Merina Grisen ZULOA, Olaia Inziarteren Zerrautsa, EZEZEZen Kabakriba, Miruaren Miruenea eta ETSren KONKISTA ziren bost izendatuak, eta lehenengoek eraman dute Gaztea Saria. 

Merina Griseko kideak, ohi bezala, aurpegia estalita igo dira oholtza gainera. 

Hurrengo garaikurra eman aurretik, gaueko emanaldi jendetsuena: Nøgen eta Janus Lesterreko kideek hartu dute oholtza, “Bi Begi Bi Lore” kantaren bertsio ederra jotzeko. Jokin Pinatxo eta Ane Negueruela, bi taldeetako abeslariak, elkarrekin entzuteko aukera paregabea izan da Euskaldunakoa.

Kanta onena

Abestia bukatu eta galara itzuli behar izan dira bi taldeetako musikariak, jo berri duten kanta abesti onenaren kategorian izendatuta baitago. Saria eurentzat izan zitekeen arren, Gorka Urbizuk eraman du azkenean, “Zilarra” kantari esker. Saria jasota, gaueko ezusteko nagusia eman digu nafar artistak. Izan ere, Ainhoa Vitoriak “Zilarra” zuzenean jotzera animatuko ote den galdetuta, baiezkoa eman dio Urbizuk. Gitarra hartuta beste agertokirantz joan da musikaria, bertan Areta Senosiain (Ibil Bedi) biolinistarekin bat egiteko. Elkarrekin jo dute urteko kantarik onenaren garaikurra eskuratu duen abestia, publikoaren gozamenerako.

Artista onena

Gala bukatzeko, ‘Benetan Zabiz?’eko Aitziber Grados eta Malen Altunak artista onenaren kategoriako izendatuak aurkeztu dizkigute. Janus Lesterrek eraman du saria, Lore diskoaren aurkezpen birari esker izan duten urtea borobiltzeko. 

Musikarekin hasitako musikarekin bukatzeko, Euskoprincessek publikoa dantzan jarri du “Euskañol” abestiaren zuzeneko bertsio ikusgarriarekin.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X