Orduak falta dira Bilbao BBK Liven hogeigarren edizioak Kobeta gaina hartzeko. Ostegunetik larunbatera bitarte, Gazteako lantalde berezi bat bertan izango da zuzenean, jaialdian gertatzen den guztiaren berri emateko.
18:00etan hasi eta 22:00ak bitarte, Liher Larrañaga, Julen Idigoras, Maite Garmendia eta Ibon Fernandezek bi saio berezi egingo dituzte. Jaialdiko gonbidatuak, ohiko kolaboratzaileak eta lagun berriak gonbidatuko dituzte festibalerako prestatutako set-ean.
Bi saioak streaming bidez izango dira ikusgai, Gaztearen YouTubeko kanalean eta webgunean. Gainera, Gazteako sare sozialetan (X, Instagram eta TikTok) giroaren eta kontzertuen inguruko informazio osatua izango duzue, uneoro.
20 urte, 20 une gogoangarri
Hogeigarren urteurrena ospatzeko, Bilbao Live izeneko 2006ko lehen edizio horretatik gaur egunera arte, Kobetamendin bizi izan direnak bildu ditugu Gaztean. Guns 'N Roses eta Metallicaren kontzertu gogoangarriak, C Tangana eta Rosalíak elkarrekin abestu zutenekoa, Belakoren bilakaera eta bertan behera gelditu ziren kontzertuak aurkitu ditugu 20 urteko historikoan.